Azpeitiak indartsu hasi du Herriarteko txapelketa

Uztarria.eus 2018ko mai. 20a, 20:34

Gomazko pala kategorian, azpeitiarrek 2-1 hartu zuten mendean Elgoibar final zortzirenetako itzulerako partidan. Horrenbestez, final laurdenetarako txartela lortu zuen. Eskupilotan, berriz, final zortzirenetako joaneko partida jokatu zuen Azpeitiak. Ilunpeko pilotariek Tolosaren aurka neurtu zituzten indarrak, eta 3-0 nagusitu ziren.

Azpeitiko ordezkariek emaitza onak lortuta itxi dute Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren asteburuko jardunaldia, gomazko paletan zein eskuzko kategorietan. 

Ostiralean jokatu zuten Azpeitiko palistek Herriartekoaren final zortzirenetako itzulerako partida, Elgoibarren. Joanekoan markagailuan atzetik amaitu bazuten ere (2-1), ostirallean Azpeitiko ordezkariak nagusi izan ziren, hirutik bi partida irabazita (20-7; 15-20; 5-20). Horrenbestez, Herriartekoaren final laurdenetara sailkatu dira Urtzi Lopetegi, Jabier Odriozola, Asier Egiguren, Haritz Aranbarri, Oier Alkorta eta Eneko Martija. Horiek ordezkatzen dute Azpeitia gomazko palan.

Eskuzko kategorian, nabarmen nagusitu zen Azpeitia Tolosaren aurka final zortzirenetako joaneko partidan. Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zituzten neurketak, 19:00etan hasita. Azpeitia 3-0 nagusitu zen markagailuan. Kadete mailan, Unai Alberdik eta Jakes Elosegik 10-22 irabazi zuten beren partida; jubenil mailan Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek 4 eta 22 amaitu zuten aurretik, eta senior mailan, Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok 9-22 hartu zituzten mendean tolosarrak. Final zortzirenetako itzulerako partida Frontoi Txikian jokatuko dute datorren ostiralean, maiatzaren 25ean. 

Iaz seigarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketa, Oiartzuni hirutik hiru partida irabazita. 2004an, 2008an2010ean2015ean2016an eta 2017an jantzi du Azpeitiak Herriartekoaren txapela. Horrez gain, 2008an eta 2015ean eta 2017an Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek.