Jende ugari eta giro aparta, ikasturte amaierako emakumeen jaialdian

Uztarria.eus 2018ko mai. 19a, 12:35

Emakumeen Mahaiak eta Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta, ikasturte amaierako emakumeen jaialdia egin zuten atzo, ostirala, Sanagustin kulturgunean. Ikasturtean zehar emakumeen jabetzea bultzatzeko antolatutako ikastaroetako emaitzak kaleratu zituzten, jai giroan. Jende ugari bildu zen bertan, eta giro aparta nagusitu zen.

Amaia Garmendiak zuzendutako gitarra emanaldiarekin hasi zen atzoko jaialdia, 18:30ean, eta jarraian, antzerkiaren txanda izan zen. Izan ere, hamabost urteko ibilbidearen ostean, azkenekoz eskaini zuten Greban gaude antzezlana Gurutze Eizmendi, Alaitz Olaizola eta Idoia Uranga aktoreek. Emakumeen Mahaiko kideek "merezitako agurra" eman nahi zioten antzezlanari, eta horregatik antolatu zuten emanaldia emakumeen ikasturte amaierako jaialdian, hitzordu hori Greban gaude antzezlanaren azken agurrerako toki aproposa dela iritzita.

Jaialdia borobiltzeko, afaria egin zuten Sanagustinen, 21:00etan hasita.