Ibai Eder urtegiko bide berdearen egoeraz salaketa

Uztarria.eus | Besterik | Artikulua
2018-05-18 17:39

Urtegiaren bueltako bidearen gaur egungo egoera "penagarria" dela-eta kezkatuta, herritar batek bertan ikusitakoak argazkietan jaso, eta somatutako arazo eta hutsuneen azalpenak gehituta, Uztarriara igorri du honako txostena.

Hesiak

"Ibilbidearen alderdi berrienean dago hesia, Matxinbenta/Itaun zubiraino. Hesiaren eginbeharra bertatik dabilena urtegira ez erortzeko babestea da. Dena ustelduta edo desagertuta dago eta arrisku handia sortzen da, batez ere, neska-mutil gaztetxoak bizikletan doazenean. Pertsona helduentzako ere arrisku handia dago bertan pasiatzeko".

 

Lur jausiak

"Gure Euskal Herriko mendi bideetan ez da harritzekoa lur jausiak egotea, gehienbat egitura geologikoagatik, dauden aldapengatik, eta klimatologiarengatik edo euri ugariengatik. Hori horrela izanda, gure bideetan oso garrantzitsuak dira mantenu lanak: lehenengo, istripua gertatu baino lehen, oso garrantzitsua da prebentzioko mantenua; eta gertatu ondoren, mantenu zentzagarri eraginkorra martxan ipintzea lehenbailehen".

 

Ubideak

"Lehen aipatu ditugun lur jausiekin eta hain garrantzitsua den prebentzioko mantenuarekin lotuta dago ubideen gestioa. Gure bideetan ezinbestekoa da ubideen mantenu eraginkor bat edukitzea; lur jausiak istripu arriskutsuenak izanda, ez dira ahaztu behar ubideek duten garrantzia bidearen gainontzeko 'osasun' arazoetan".

 

Zuhaitzak bidean

"Gai honek jendearentzat daukan arriskua nabarmentzat emango dugu. Lehen aipatu ditugun eginbeharrek berdin balio dute: istripua gertatu baino lehen prebentzioko mantenua, eta gertatu ondoren mantenu zentzagarri eraginkorra martxan ipintzea lehenbailehen".

 

Bidea desagertzen

"Gai honek daukan arrisku zuzena ez da hain nabarmena izango, baina bidearen 'osasun' orokorrean eragin handia du, gehienbat bidearen erabiltzaile ahulenentzat: gaztetxoak eta helduenak".

 

Bideko lurzorua

"Gai honek daukan arrisku zuzena ere ez da hain nabarmena izango, baina bidearen 'osasun' orokorrean eragin handia du. Lurzoruaren egoerak bidearen erabiltzaile guztiak jartzen gaitu kopetako bat hartzeko arriskuan: gaztetxoenak, ertainak eta helduenak".

 

Atsedenerako bankuak

"Gai honek ez du hausnarketa handirik eskatzen. Ibilbidean hasieran jarritako banku apur batzuk besterik ez dira bizirik gelditzen, argazkikoa kasu. Gehienak usteldu egin ziren, naturarekin bat eginez, eta beste batzuk lapurtu egin zituzten".

 

Kilometro mugak

"Honek ere ez du iruzkin handirik behar. Argazkikoa bizirik gelditzen denetako bat da, eta gehienek naturarekin bat egin zuten aspaldi (pentsatu nahi nuke 'lapurtu' ez dituztela egin)".

Basoak botatzen

"Natura bera bakarrik nahikoa ez balitz gizakiak egindakoa bere magalera eramateko, enpresa batzuk laguntzera etortzen dira. Bidearen 'osasuna' kili-kolo, eta beren makineria bildurgarriarekin etortzen dira, dena zisko eginda laga eta alde egiten dute. Non dira Foru Aldundiko basozainak, hau ez onartzeko? Zergatik begiratzen dute bestaldera?".

 

Kartelak

"Zer esan hauetaz. Gure kulturaren ezaugarri direla. Batzuk sasiak janda eta besteak txukun-txukun. Beste kasuetan bezala, argazkian ateratakoa gelditzen diren gutxietako bat da eta gainontzekoak falta dira. Naturarekin bat egin dute horiek ere".

 

Zaborrak

"Ibai Eder urtegian herritarrok debekatuta daukagu bainatzea, bertako uraren erabilera gizakien kontsumorako delako. Txistea dirudi, baina zaborrak lepo etortzen dira Matxinbentatik behera, errekan zehar. Eta hori birziklatzeko edukiontzi berriak ipini direla. Zergatik ote da...".

 

Bidea pribatizatzen

"Aiertza Behekoa eta Aiertza Goikoa baserrietako eta Beizamako lehengo bide zaharra baten batek beretzako hartu du eta itxita dauka. Alde batetik, itxita egotea mesede galanta izango da, bertan dauzkaten txakurren tamaina eta umorea kontuan hartzekoak direla ikusita. Beizamara joateko bide zaharra pribatizatzeko modurik onena, kartela ipintzea eta jenio txarra duten txakurrak soltatzea".

 

Orokorrak

"Parajea eta ibilbidea naturaren barru-barruan daude eta herritarrok bidea eginez gozatzeko eskubide guztia daukagu. Nik dakidanez, denon diruarekin egin zen eta denon diruarekin mantendu beharko lukete administrazioan ardura daukatenek, dena suntsitu baino lehen. Gaur egun Ura Coca Cola baino garestiago kobratzen digute herritarroi, eta hau ez da ordainetan jasotzeko modua".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa