Herriko ikasleek bizimodu osasuntsuagoa sustatzeko proposamenak egin dizkiote Udalari

Uztarria.eus 2018ko mai. 18a, 16:29

Agenda 21 hezkuntza programaren barruan, herriko ikastetxeetako ikasleak klima aldaketari eta osasunari lotutako gaiak lantzen aritu dira ikasturtean zehar. Azken hilabeteotan ateratako ondorioak eta euren proposamenak azaldu zizkieten Eneko Etxeberria alkateari eta Aitor Bereziartua zinegotziari atzo.

Hiru zati izan zituen ordu eta erdi iraun zuen saioak. Lehendabizi, ikastetxe bakoitzeko ordezkariek gai horiek nola landu dituzten azaldu zieten udal ordezkariei. Kontatu zuten, adibidez, ikasleak eskolara nola joaten diren aztertu dutela, Komuntzo-Sakona etxalde ekologikoa eta Beizamako baserriak ikustera joan direla, Ibar Eder urtegiaren betetze datuen azken urteetako bilakaera aztertu dutela... Lanketa egin ostean ateratako ondoriak zeintzuk diren eta gauzak hobetzeko eurek zer konpromiso hartu dituzten ere azaldu zuten. Hori ez ezik, Udalari hainbat proposamen egin zizkioten, hala nola herrian bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzeko, Oinatzen baliabide naturalekin jolas parke bat eraikitzeko eta eskoletan baratzeak jartzeko laguntzak emateko.

Bigarren zatian, Salbe auzunetik Loiolara doan bidea oinezkotzeko landu dituzten proiektuak erakutsi zituzten, maketa eta guzti. Azkenik, ideia onenaren sariaren irabazleak nortzuk izan diren jakinarazi zuten, eta baita dagokien saria jaso ere. Udal ordezkariek herriko ikasleen proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu zuten.