Alaitz Olaizola: "Ezinbestekoa da antzerki obrak liburuetan jasota egotea"

Gipuzkoako Hitza | Kultura | Artikulua
2018-05-18 13:57

"Saltsa guztietan" ibilitako emakumea da Alaitz Olaizola (Azpeitia, 1975). Gaztetan lotu zen antzerkira. Dozenaka obra idatzi zituen Azpeitiko Lakrikun antzerki talderako, eta beste hainbat sari irabazi ditu haurrentzako egindako lanekin. Goenkale telesailean ere ibilia da. "Zirikatzaile" lanetan aritua da Olaizola, idaztea maite duen emakumea.

Alaitz Olaizola, Lakrikun antzerki taldearen lokalean. (Maialen Etxaniz)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Ikasketaz irakasle, baina ofizioz antzerki gidoien idazle. Noiz hasi zen dena?

Alaba txikia zela, zenbait emakume elkartzen hasi ginen, ikastolatik irtetean haurrek arratsaldea elkarrekin pasa zezaten. Han ezagutu nituen lagunen artean zen Gurutze Eizmendi, orduz geroztik bidelagun izan dudana. Gurasoen antzerki tailerrera joaten zela kontatu zidan behin, eta antzerkiari lotutako esperientziak partekatzen hasi ginen orduan. Ikasturte amaieran jendaurrean taularatzeko antzerki lanen bila zebiltzala eta, hara eta hona ibili ginen antzerkiak liburuetan aurkituko genituela sinetsita. Koldo Mitxelena kulturunera, Azpeitiko liburutegira eta beste hainbat txokotara joan ginen obra bila, baina liburuetan apenas zegoen antzezlanik. Hori ikusita, antzerki bat sortzeko prest nengoela esan nion. Hitza hartu zidan, eta nik gidoia idazterako udaletxean esana zuen bazutela ikasturte amaieran zer eskaini. Obra idatzi, eta antzerkian murgildu nintzen. Haren ostean iritsi ziren lehiaketak, sariak, antzerki tailerrak… gaur arte. Idatzi ditudan antzerki obra guztien izenak esateko gai naizela uste dut. Ez dira berdinak, antzekoak baizik zuen izena aurreneko obrak.

Ordu asko eman dituzu antzerki tailerretan murgilduta haurrei eskolak ematen. Zuk haiei irakatsi bai, baina zer ikasi duzu haiengandik?

Ikasleei beti esaten diet irakaslea baino gehiago zirikatzailea naizela ni. Umeentzat jolastea oso garrantzitsua dela uste dut, eta, horregatik, nire helburua sekula ez da izan tailerretan aktoreak sortzea. Horretarako badaude eskola jakin batzuk eta metodologiak. Antzerkia jolasera bideratu nahi dut nik. Hori izan da nire nahia lehen egunetik gaur arte. Umeekin misterioa da bizitzako antzerki egun bakoitza. Umeen ahotan sekula espero ez nituen esaldiak eraman izan ditut etxera; barruan dutena minik gabe adierazteko gai direla ikusi dut. Pazientzia lantzen lagundu didate. Izan ere, haurrekin ikasi dut gauzak ez direla beti guk nahi bezala egiten. Antzerkian, haurrek jolasean ikusten dute heldua, eta horrek harreman ederrak sortzen ditu haurren eta helduen artean. Bihotza zabaltzen dizute, beren gauzak eta ilusioak kontatzen dizkizute, freskotasunez eta eurek daukaten magia horrekin. Ederra da arazoen aurrean nola jokatzen duten ikustea. Haiekin harremanetan izatean, norbera ere umetu eta haurren dinamikan sartzen da, kode berean komunikatzeko gai izateraino.

Zu ere izan zinen antzerki ikasle.

Hala da. Gaztetxoa nintzela, antzerki tailerrean ibiltzen nintzen ikastolan. Axen Eskaladak ematen zizkigun eskolak. Zazpi edo zortzi neska-mutil ginen, eta urtero obra bat prestatzen genuen, tailerretan sortzen ziren egoerak abiapuntu gisa hartuta. Esango nuke sekula ez genituela idatzi antzerki haiek. Lehen ez zen ohikoa, baina guk elkarrekin sortzen genituen antzerkiak. Orain, aldiz, gero eta lan gehiago egiten da modu kolektiboan.

Emakumeen aldarriak dira protagonistak Greban gaude obran. Hamabost urteren ostean, azkenekoz eskainiko duzue gaur. Gauzak asko aldatu al dira hamabost urteotan?

Aldatu bai, hobetu ez dakit. Gaur egun indartsuago ikusten dut emakumeen eskubideen aldeko mugimendua, eta uste dut nolabaiteko inflexio puntua izan zela Martxoaren 8a. Greban gaude garrantzitsua izan da guretzat. Idoia Urangak, Gurutze Eizmendik eta nik –gaur egungo Lakrikun– sortu genuen Greban gaude. Hirurok elkartu gintuen proiektua da, oso argi genituen ideiak azaltzeko aukera eman ziguna, sormen kolektibotik egindakoa eta hamabost urtetan dozenaka lekutan eskaini duguna.

Elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa