Zazpi poltsa, 35.000 euro

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 18a, 14:45
Bubakar Sow. (Mailo Oiarzabal)

Kalean saltzen zebilela atxilotu zuten 2003an Bartzelonan Bubakar Sow Azpeitiko bizilaguna. 2010etik, sarekada hartan atxiki zituzten saltzaile guztien isuna ordaintzen ari da bera, bakarrik.

2006an iritsi zen Euskal Herrira Bubakar Buba Sow (Mbour, Senegal, 1970), lanera. Siderurgia lantegiei zerbitzuak azpikontratatzen dizkien Zumaiako enpresa batentzat egiten du lan harrezkero. Zumaian bizi izan zen aurreneko hilabeteetan, eta geroztik Azpeitian bizi da.

Hemen lankide dituen herrikideek bezala, etxetik eta etxekoengandik oso urrun aurkitu du Sowk bizimodua ateratzeko gaia, baina badu besteek ez duten gaineratutako zama nabarmena: soldataren zati bat bahitzen diote hilero, 35.000 eurotik gorako isun bat kitatzeko.

2010. urtetik ari da isuna ordaintzen. Dagoeneko 30.000 bat euro ordainduta dituela dio, eta "urtebete edo urtebete pasatxoan" kopuru osoa ordainduta izatea espero du.

"Ez nuen ezer ulertzen"

2003an Bartzelonako Gracia pasealekuan atxilotu zuten Sow, kaleko saltzaile zebilela. Hiru urte lehenago iritsi zen penintsulara, Senegalen lan egiten zuen Espainiako banderadun itsasontzian. Vigon (Galizia) lurreratu zen; handik Almeriara (Espainia) jo zuen, eta hango berotegietan lan egitearen truke eskuratu zituen Espainiako estatuan legez bizitzeko behar zituen agiriak; eta horiek eskuetan hartu zuen Bartzelonarako bidea.

Kataluniako hiriburuan ez zuen lanpostu finko antzekorik lortu; batean eta bestean aritu zen, baina jarraipenik gabe eta lanik gabeko tarteekin. Horrela, kalean saltzen zebilela, atxilotu zuten. Marka ezagun baten imitazioko zazpi poltsa bahitu zizkion poliziak; gerora, benetakoen prezioan ordaindu ditu.

Sarekada batean atxilotu zuten Sow, saltzaile gehiagorekin batera. "Ez dut gogoan zenbat ginen, sei edo zazpi, agian", dio. Bi eguneko atxiloaldiaren ondoren eraman zituzten epailearengana, eta aske utzi zituzten. "Esan ziguten horrela geldituko zela kontua. Abokatuak esan zidan ez kezkatzeko, zazpi poltsa baino gehiago ez badizkizute harrapatzen ez dagoela zigorrik; isuna jasoko nuela, eta hala izan zen, 800 euro ordaindu nituen, 2006an".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzan.