Oraindik eman daiteke izena Sare Eguneko krosean

Uztarria.eus | Politika | Artikulua
2018-05-17 10:21

Azpeitiko Sarek egun osoko egitaraua prestatu du zapaturako. Lasterketan izena emateko epea zabalik da, eta bazkarirako sarrerak salgai daude. 16 bikotek eman dute izena paella txapelketan. Motxiladun haurren egoera jarri du aldarrikapenen erdigunean Sarek.

Iazko kroseko irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Sare Eguna izango da Azpeitian larunbatean, herriko Sare dinamikak antolatuta. Egun osoko egitaraua dagoeneko prest dute aldarria eta festa uztartuko dituen egunaren antolatzaileek, Motxilak erantzi, egin jauzi lelo hartuta. Azpeitiko Sarek euskal presoek jasaten dituzten "sakabanaketaren eta urruntze politika sistematikoaren" ondorioak salatzeko eta "euskal presoen seme-alabek beren gurasoen ondoan hezteko duten eskubidea" aldarrikatzeko antolatu dute eguna, eta besteak beste, kros herrikoia, umeen kros txikia, paella txapelketa, herri bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak izango dira.

Aurtengoan motxiladun umeak erdigunean jarrita antolatu du eguna Azpeitiko Sarek, Azpeitian ere badira-eta sakabanaketaren eraginak pairatzen dituzten umeak. "Azpeitian badugu motxiladun ume bat, Joseba Segurola presoaren urtebeteko alabatxoa, eta beste hamabost adin txikiko azpeitiarrek ere bidaia luzeak egin behar dituzte beren senideak bisitatzeko", azaldu dute. Hain zuzen ere, egoera horrek haur horiei eskola orduak eta eskola kanpoko jarduerak galtzea eta neke fisikoa eta psikologikoa eragiten dizkiela salatu du Sarek. Horrez gain, bidaia horietan auto istripu eta ezbehar bat baino gehiago gertatzen dela esan du. "Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, 400 ezbehar baino gehiago izan dira errepideetan, eta hamasei pertsonek galdu dute bizia presoak bisitatzera zihoazenean".

Presoen senide diren adin txikikoek "bizi duten injustizia" hori herriratzeko, azken hilabeteetan hainbat ekimen egiten ari da Azpeitiko Sare: "Adin txikikoekin harremana duten eragileei, instituzioei zein adituei egoeraren berri eman diegu. Gure helburua, injustizia horren inguruko hausnarketa bultzatzea da. Ideologiaz haratago, ezberdinen artean injustizia horrekin bukatzeko pausoak eman nahi ditugu, elkarlanean eta ume horien egoera erdigunean jarrita".

Kroserako izen-ematea zabalik

Oraindik zabalik da goizean izango den 5,6 kilometroko krosean izena emateko epea, eta egunean bertan ere inskribatu ahal izango da. Azpeitiko Orkatzen, udal igerilekuan eta Aitzaki kirolaken eta Azkoitiko Elkargunean eman daiteke izena aurrez. Eguna baino lehen inskribatzen direnek hamar euro ordaindu beharko dute dortsala, eta egunean bertan izena ematen dutenek, hamabi euro. Sareko kideek azaldu dutenez, 50 bat lagunek eman dute lasterketarako izena gaur-gaurkoz.

Paella txapelketan izena emateko epea, berriz, itxita dago, eta 16 bikotek eman dute lehiarako izena. Txapelketaren ostean egingo den herri bazkarirako sarrerak salgai daude Orkatzen eta Sanagustin kulturgunean.

Hainbat egitasmo egin du Sarek azken asteotan, hala nola motxiladun umeen egoera azaltzeko erakusketa jarri zuen Sanagustin kulturgunean eta igandean bertso musikatuen emanaldia eta ipuin kontaketa saioa egin zituen.

Sare Eguna

Zapatua, maiatzak 19

11:00. Kros herrikoia, plazatik abiatuta. Larunbatean bertan, probaren aurretik ere eman ahal izango da lasterketarako izena.

11:30. Umeen kros txikia. Gaztetxoek Alde Zaharrean egingo dute itzulia, eta ez dago izena eman beharrik. Ekaintxo ariko da giroa alaitzen.

12:00. Ekaintxoren ikuskizuna, dantzak eta jolasak, plazan.

13:00. Paella txapelketa, plazan.

14:30. Herri bazkaria, Azoka Plazan.

Bazkal ondoren. Umeentzako tailer eta jolas gunea izango da Azoka Plazan.

18:00. Manifestazioa, plazatik abiatuta.

Ondoren. Polka erraldoia, plazan, Erokomeri taldeak lagunduta.

22:30. Erokomeriren eta Hesianen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa