Kurt Diemberger: "Pasatutakoak pasatuta, ez dakit zergatik jarraitzen dudan bizirik"

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 16a, 22:30

Kurt Diemberger alpinista mitikoa Azpeitian da. Bere bizitzaren inguruko dokumentala emango dute bihar Soreasun, 21:30ean, eta han izango da bera, Alex Txikonekin batera.

Eskuin eskuko hiru hatz falta zaizkio; mendian igarotako estutasunen seinale. Curriculuma ere ez du nolanahikoa: berak zapaldu zituen aurrenekoz aurrez inork igo ez zituen bi zortzimilako, eta, guztira, 8.000 metrotik gorako sei menditan izan da. Munduko gailurrik garaienak kamera hartuta ere filmatu ditu, eta hainbat liburu argitaratu du. Zerbaitegatik diote "alpinismoaren mito bizia" dela. 86 urte ditu Kurt Diembergerrek (1932, Villach, Austria), eta Azpeitian da, bere bizitzaren inguruko dokumentala aurkezteko. Pasatutakoak pasatuta, bizi-bizirik jarraitzen du. Bilboko Mendi Film Festival jaialdian berari emango diote 2018ko sari nagusia.

Bi zortzimilako lehen aldiz igo zituen eta bizirik dagoen pertsona bakarra zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Gaztaro guztian izan nuen Himalaiara joateko ametsa. Zorte handiz, Herman Buhlekin topo egin nuen, eta Broad Peak igotzera gonbidatu ninduen. Aurrez ez zuen inork zapaldu zortzimilako mendi hori, eta alpino estiloan igo genuen; xerparik gabe eskalatu genuen, baina mendira iristeko izan genuen haien laguntza. Gero, suitzar batzuek Dhaulagiri mendia lehen aldiz igo nahi zuten; gonbidatu egin ninduten, eta beraiekin joan nintzen. Oxigenorik gabe igo genuen mendia, 1960ko maiatzaren 13an. Urte asko pasatu ostean, nik eta Julie Tullisek, nire kide eta lagun onak, mendiko filmak egiteko munduko talde gorena osatu genuen.

Zergatik hasi zinen mendian filmatzen?

Han goian zoriontasuna nolakoa den kontatzea nahi nien behean daudenei, umeek eta umeak ez direnek ikus dezaten nolakoa den bizitza han goian. Hamasei milimetroko formatuan grabatzen genituen filmak. Everesteko lehen pelikula soinuduna ere egin nuen.

Ekonomia eta finantza arloetako irakaslea zinen, eta lana utzi zenuen zure benetako pasioagatik: mendiagatik.

Bai. Bost urte eman nituen horretan, eta kontabilitatea ez zela niretzat egina konturatu nintzen. Pioletak eta jaka horia hartu nituen, eta mendira joan nintzen. Horrela hasi nintzen argazkiak ateratzen eta grabatzen, eta horrela aritu nintzen urte askoan. Zortzimilakoetako kameraria izan naiz, Julie Tullisen ondoan.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.