LGTBIfobiaren aurkako egitasmoak gauzatuko dituzte gaur eta bihar ikastetxeetan

Uztarria.eus | Gizartea | Argazki galeria
2018-05-16 17:40

Udalak ez ezik, Azpeitiko Hezkidetza Foroak ere plazaratu du biharko LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira eragile ezberdinen artean adostu duten adierazpena. Horrekin batera, ikastetxeetako autoantolaketa taldeekin "barrura begirako lanketa egin" dute aurten.

Iaz plazara atera zituzten aldarrikapenak, baina aurten ikastetxeetan egin dute lanketa eta ikastetxeetan ari dira gauzatzen, era berean, biharko egunaren harira prestatu dituzten egitasmoak. Besteak beste, gaur eta bihar, rolak hausteko, esperimentatzeko eta aniztasuna bistaratzeko jolasak, bideo emanaldiak eta gaiaren gaineko galdera-erantzunetan oinarritutako horma irudiak margotzea dira ikasleek egingo dituztenak. Guztiak, biharko egunerako aukeratu duten lelopean: Naizena naizela, maitatua.

Hau da Hezkidetza Foroak plazaratu duen adierazpena:

"Maiatzaren 17an Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Azpeitiko ikasle, guraso, irakasle eta herritarrok. Ospatzeko eguna da Maiatzak 17, egun horretan, 1990. urtean, ezabatu zuelako Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik. Eta ospatu nahi dugulako urtez urte, lesbianok, homosexualok, bisexualok eta transexualok gero eta ikusgarritasun eta onarpen gehiago dugula gure jendartean.

Baina salaketa eguna ere bada, izan ere, sakona baita oraindik heterosexualitatearen arautik eta gizon edo emakume aukera binariotik kanpo kokatzen garen pertsonok gaur egun eta hemen pairatu behar izaten dugun diskriminazioa eta zapalketa. Egunerokoan jasotzen ditugun bazterketak zerrendatzeak luzeegi joko luke, baina azpimarratu nahi genuke gure inguruan eskubide legal gehienak eskuratu baditugu ere, egunerokoan, gure bizitza zailagoa eta gogorragoa izatea eragiten duten begiradak, komentarioak, isekak, eraso fisikoak eta mota guztietako bazterketa sozialak jasan behar izaten ditugula.

Oraindik, homofobiaren eta transfobiaren eraginez urtero bere buruaz beste egin behar izaten dute, jendarte honetan bizitzea gogorregi egiten zaielako. Eta oraindik, munduko hainbat herrialdetan homosexual, lesbiana, bisexual edo transexuala izatea nahikoa arrazoi dela legalki kartzelara edo heriotzera zigortuak izateko. Horregatik, aurten berriz ere, aldarrikatu nahi dugu, garena garela, maitatuak izatea merezi dugula".

Ikasle batzuk gaurtik hasi dira egitasmoak lantzen, argazkiotan ikus daitekeenez.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa