Diseinua, moda eta gastronomia uztartzen dituen Market 8 azoka egingo dute Trenaren Museoan

Uztarria.eus 2018ko mai. 16a, 15:23

Maiatzaren 26an eta 27an egingo dute azoka, eta eskuz egindako "kalitatezko" produktuak izango dira eskuragarri. Horrez gain, musika eta dantza emanaldiek, tailerrek, lurrun tren irteerek eta janari postuek osatuko dute ekimena. Azokaren sarrera euro bat ordaindu beharko da.

Lehenengo aldiz, diseinua, moda eta gastronomia uztartzen dituen azoka egingo dute Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan. Maiatzaren 26an eta 27an, Market 8 azokak hartuko ditu museoko azpiegiturak, eta Gipuzkoaren barnealdean turismoa sustatzeko eta kultur ondareari balioa emateko askotariko ekintzak izango dira asteburu osoan zehar.

Azokaren lehenengo edizioak artisautzari emango dio protagonismoa, eta "eskuz egindako kalitatezko produktuak" jarriko dituzte salgai postuetan. Horrez gain, osagarriak, arropa, gourmet produktuak eta bestelako "produktu originalak" izango dira erakusgarri. Azokarekin batera, gainera, beste hainbat ekintza egingo dute asteburuan zehar, hala nola Eliku osasun zentroak "gosari osasungarri bat" prestatzen erakutsiko du, eta Kimu Bat enpresak kodedama teknika japoniarraren berri emango du. Era berean, Harrihari artisautza enpresak string art teknika erakutsiko du, eta umeentzako egurrezko jolas didaktikoak ere egingo dituzte. Gainera, Luis Beltza dantza eskolako kideek, Iago magoak nahiz Silence eta Biren musika taldeek emanaldiak eskainiko dituzte. Gastronomiak ere tarte berezia izango du, eta, besteak beste, talo organikoak, pintxoak, orgitartekoak eta beste zenbait jaki dastatu ahal izango dira food track-etan (janari postuak) eta astebururako egokituko duten tabernan. Ekintza horiek guztien osagarri izango dira museoak Lasaora eskainiko dituen tren irteerak.

Teresa Mangas azpeitiarra eta Belen Ibarrola aiarra dira azokaren sustatzaileak, eta gaur eman dute xehetasunen berri, museoan egin duten agerraldian. "Azokak iraganera eramango gaitu, eta, aldi berean etorkizunera ere bai. Izan ere, produktu tradizionalez gain, gaur egungo produktuak eta joerak eskainiko ditu", esan dute. Azoka "herritarren topagune" izatea nahi dute, eta adin guztientzakoentzako ekintzak izango direla azpimarratu dute. "Familiek lasai egoteko aukera izango dute horretarako egokituko ditugun gune berdeetan, eta gazteek, zuzenean musika entzuteko abagunea izango dute", jarri dute adibidetzat.

Aurkezpenean, ekimenaren antolatzaileak ez ezik, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazio diputatua, Agustin Lizarralde Azpeitiko Udaleko Turismo zinegotzia, Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusia eta Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendaria izan dira, eta guztiek goraipatu dute egitasmoa. Lasak azpimarratu du aurrerantzean ere bertako produktuak oinarri dituen "ekimen berritzaileak" beharrezkoak izango direla. "Askotan, turismoa kostaldearekin lotzen dugu, eta ez gara ohartzen barnealdean ere altxor asko daudela. Eta Azpeitiia horietako altxor bat da", gaineratu du.

Zumaia-Zumarraga tren linearen zortzigarren geltokia zen Azpeitikoa, eta horregatik jarri diote Market 8 izena azokari. Zentzu horretan, tradizioz, trenak, herriak eta azokak izan duten harremana izan dute hizpide Lizarraldek eta Lezak: "Merkataritza eta herriko baliabideak sustatzeko eta eramateko modua izan zen trena, ez zegoelako beste komunikazio biderik. Market ibiltari bat izan zen beraz, eta orain berriro berreskuratuko dugu", esan du Azpeitiko zinegotziak.

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak, bere aldetik, ohiko funtzionamenduarekin jarraituko du azokak irauten duen bitartean, baina hainbat aldaketa izango dira ordutegian eta sarreretan. Izan ere, sarrerak euro bat balioko du — ohiko sarrera hiru eurokoa da–, eta 10:30etik 19:30era egongo da irekita bi egunetan; eguerdian ez dute itxiko.

Hemen Market 8 ekimenaren egitaraua:

Maiatzak 26, zapatua

12:00. Lasaoko geltokira joan-etorria lurrun trenean.

13:00.
Biren taldearen emanaldia.

16:00. Umeentzako tailerra. Eguna ondo hasteko! Go!saldu ekimena, Elikuren eskutik.

17:00. Lasaoko geltokira joan-etorria lurrun trenean.

17:30. Kokedama tailerra, Kimu Baten eskutik.

18:30. Silence taldearen kontzertua.

Maiatzak 27, igandea

12:00. Lasaoko geltokira joan-etorria lurrun trenean.

13:00. Luis Beltza dantza eskolakoen emanaldia.

16:00. Streing Art teknikaren erakustaldia, Harrihariren eskutik.

17:00. Lasaoko geltokira joan-etorria lurrun trnean.

17:30: Iago Magoaren emanaldia.