Haritz Saez: "Ilunpe Euskal Herriko pilota eskolarik onenetarikoa delakoan nago"

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 16a, 13:42
Haritz Saez Gipuzkoako Pilota Federazioko kidea. (Julene Frantzesena)

Gipuzkoako Pilota Federazioko eskuzko pilota arduraduna da Haritz Saez (Amezketa, 1973) Azpeitiko bizilaguna. Gipuzkoako pilotaren mundua osasuntsu dagoela uste du, baita Azpeitikoa ere. Urola Kostako Hitzak elkarrizketa egin dio Saezi, igandeko Gipuzkoako Pilota Eguna dela eta.

Nolatan aukeratu duzue Azpeitia Pilota Eguna egiteko?

Aurreko urtean Donostian egin genuen egun horren lehen edizioa, tokiak baldintzak betetzen zituelako. Aurten, berriz, handik atera egin nahi genuen eguna. Azpeitiak aukerak ematen zituen bertan egiteko, eta Ilunpek azken urteetan eskuzko pilotan garaipen ugari lortu dituenez, herri interesgarria iruditu zitzaigun. Udalarekin jarri ginen harremanetan, eta berehala jaso genuen baiezkoa. Bestalde, pilota familia guztia elkartzea nahi izaten dugu egun horretako herri bazkarian, eta Azpeitiak horretarako aukera paregabea eskaintzen du Azoka Plaza berritu delako.

Nolakoa da pilotaren egoera Azpeitian?

Batez ere, eskuzkoaren berri daukat nik, eta mutiletan egoera oso onean dago pilota. Azpeitiak harrobi handia dauka, eta Ilunpe Euskal Herriko pilota eskolarik onenetarikoa delakoan nago. Irakasleek maila izugarria dute, boluntarioak direla kontuan izan behar da, eta horrek are meritu handiagoa ematen die. Gainera, nesken pilotan gero eta lan gehiago ari dira egiten, gero eta neska gehiago aritzen da pilotan, eta oro har, izugarrizko maila dago. Ilunperi falta zaiona da pilotari bat profesionaletara iristea. Izan ere, herriak behar du erreferente bat pilotan, eta Azpeitian hori gertatzen den egunean –epe motzean izango dela uste dut–, beste salto bat emateko aukera izango du Ilunpek.

Epe motzean profesionalen bat izango dela diozunean, zer esan nahi duzu?

Izenik ez dut emango, baina badira aukerak dituzten pilotariak. Mutil batzuk ari dira enpresekin entrenatzen dagoeneko, eta Azpeitian egiten den lanak hainbeste merezi duela eta hainbeste emango duela uste dut.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.