Gazteria Sailak astelehenean zabalduko du udaleku irekietan izena emateko epea

Uztarria.eus 2018ko mai. 15a, 18:09

Izen-ematea Gazte Informazio Bulegoan (GIB) egin behar da, eta horretarako azken eguna maiatzaren 25a izango da. Informazio eskuprogramak aste honetan banatuko dituzte ikastetxeetan. 3 eta 18 urte arteko haur, nerabe eta gazteei zuzenduta daude Udal udalekuak, eta ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango dira. Aurten, aurrenekoz, zaintza zerbitzua jarriko dute 09:00etatik 10:00etara. 

Udako oporraldia gero eta gertuago dago, eta urtero bezala, datozen hilabeteetarako Udal udaleku irekiak antolatuko ditu Azpeitiko Udalaren Gazteria Sailak. Informazio zehatza emateko eskuorriak egunotan banatuko dituzte herriko ikastetxeetan. Izen-ematea, aldiz, datorren astelehenean, hilak 21, zabalduko dute, hilaren 21ean, eta horretarako azken eguna maiatzaren 25a izango da. Izen-ematea Gazte Informazio Bulegoan (GIB) egin beharko da. Aste horretan goizez zein arratsaldez irekiko dute GIB, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Haurrak sei taldetan banatuko dituzte, adinaren arabera, eta talde bakoitzak bere egitaraua izango du. Honako hauek dira taldeak: Udan Txiki (HH 3ko umeak); Udan Koxkor (HH 4 eta 5ekoak); Udan Jolas (LH 1 eta 2koak); Udan Mugi (LH 3 eta 4koak); Udan Alai (LH 5 eta 6koak); eta Udabentura (DBH eta Batxilergokoak). 

Udan Txiki, Udal Koxkor eta Udan Jolas taldeetako haur eta gaztetxekoek ekainaren 25tik uztailaren 20a bitartean izango dituzte udalekuak, bi txandatan: lehenengoa, ekainaren 25etik uztailaren 6ra; eta bigarrena, uztailaren 9tik 20ra. Oraindik egitaraua zehazteke dute, begiraleek ekainean landuko dutelako. Udan Txikin, lehen txanda bukatu eta gero, aukera emango dute bigarren txandan izena emateko; beste taldeetan aurrez eman beharko da izena.  

Udan Mugi eta Udan Alai taldeetako gaztetxoek ere ekainaren 25etik uztailaren 20ra bitartean izango dituzte udalekuak, baina astebeteko lau txandatan. Aipatzekoa da, egitaraua osatu aurretik, udalekuen antolatzaileak adin tarte horretako gaztetxoekin bildu direla haien nahiak eta beharrak zeintzuk diren jakiteko.

Udabenturan, hilabete osorako eskaintza prestatu dute, baina, nerabeek aukera izango dute egun solteak hautatzeko eta bakarrik gustuko dituzten ekintzetan izena emateko. Antolatzaileek eta gazteek elkarlanean osatu dute egitaraua.

Gazteria Saileko kideek jakinarazi dutenez, aurten ere zenbait ekintza herriko hainbat eragilerekin elkarlanean egingo dituzte. 

Zaintza zerbitzua

"Herriko udalekuetan ahalik eta ume gehienek parte har dezaten", eta "gurasoei erraztasunak emateko", aurten lehenengoz, zaintza zerbitzua eskainiko du Udalak. Zerbitzu hori egunero eskainiko du, 09:00etatik 10:00etara, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan, eta HH 3tik LH 6ra arteko umeei zuzenduta egongo da.