Gipuzkoako Pilota Egunarekin iritsiko da Izarraitz pilotaleku berrituaren inaugurazioa

Uztarria.eus 2018ko mai. 15a, 18:01
Xabier Tolosa, Andoni Lertxundi, Estitxu Elduaien eta Eneko Etxeberria Pelota Egunaren aurkezpenean. (Julene Frantzesena)

Igandean Azpeitian izango da Gipuzkoako Pilota Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta, besteak beste, Azoka Plazan bazkaria eta Buruz Buruzko Txapelketako hirugarren postua erabakitzeko partida izango dira. Sarrerak gaur erosi ahalko dira Frontoi Txikian, eta egunean bertan Izarraitz pilotalekuko leihatilan. Izarraitz frontoi eraberritua ere igandean inauguratuko dute, 16:30ean herriko pilotariei egingo zaien omenalditxoarekin.

Azpeitian ospatuko dute igandean, maiatzaren 20an, Gipuzkoako Pilota Egunaren bigarren edizioa. Gaur aurkeztu dute eguna eraberritu berri duten Izarraitz pilotalekuan, eta han izan dira, besteak beste, Xabier Tolosa pilotaria, Andoni Lertxundi Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakaria, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea. Lertxundik azaldu duenez, ez da kasualitatea izan Pilota Eguna Azpeitian egitea; izan ere, haren arabera, azken urteetan "nabarmen" egin du gora pilotak Azpeitian. "Ikasberri eta Ilunpe taldeei, pilotariei eta pilotari gaztetxoen gurasoei esker egin du gora pilotak Azpeitian, eta udalak ere pilotaren aldeko apustu garbia egin du". Horregatik guztiagatik, Azpeitiak Gipuzkoako pilotan "pisu handia" duelako eta udalak "erraztasunak" eman dituelako egingo dute jai eguna herrian.

Federazioko kideek igandekoa Gipuzkoako pilota familia guztiaren eguna izan dadin nahi dute, eta pilotazale guztiei bertaratzeko deia egin diete. Iganderako egitarau oparoa prestatu dute, eta boluntarioek, pilotari gaztetxoek, horien familiek nahiz pilotazaleek gozatzeko moduko eguna izango delakoan daude. 10:00etarako jarri dute eguneko aurreneko hitzordua, eta 6 eta 14 urte bitarteko haurrek hainbat pilota modalitatetan aritzeko aukera izango dute Izarraitz pilotalekuan. Gainera, pilotari profesionalekin aritzeko aukera izango dute horiek. Horrez gain, goiz partean, crohn gaixotasuna duten pertsonen aldeko elkartasun ekintza egingo dute bertan.

Eguerdian, 14:00etan hasita, bazkaria izango da Azoka Plazan, eta herritar guztiei bertaratzeko deia egin die federazioak. Bazkaritarako sarrerak federaziora deituta eskura daitezke (943-47 14 63). Bazkalosterako ekitaldi berezi bat prestatu du Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, Izarraitz pilotaleku berrituaren inaugurazioa egingo dute, eta Azpeitiko bi pilota elkarteetako kideak, emakume pilotariak eta erremontistak omenduko dituzte. 16:30ean hasita, Azoka Plazatik abiatuta, kalejiran joango dira Izarraitz frontoira Udal Musika Bandak lagunduta, eta pilota jaialdia hasi aurretik omenalditxoa jasoko dute, "egindako lana eskertzeko". Profesionalen pilota partidak hasiko dira segindan, hau da, 17:00etan. Lehen norgehiagoka Retegi II.ak eta Martijak Victorren eta Imazen aurka jokatuko dute. Bigarren partidan, berriz, Buruz Buruko Txapelketako hirugarren postua izango da jokoan. Hain zuzen ere, Elezkano eta Ezkurdia ariko dira nor baino nor. Pilota partida horietarako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai Frontoi Txikiko bulegoan, 18:00etatik 20:00etara. Kantxako sarrerak 30 euro ordaindu beharko dira, eta gainerakoak, 15 euro. Igandean ere eskuratu ahalko dira sarrerak, Izarraitz pilotalekuko leihatilan.

Iaz egin zuten aurrenekoz Gipuzkoako Pilota Eguna Donostian, eta "egun polita" izan zela azaldu du Xabier Tolosa pilotariak. "Oro har, Gipuzkoako pilotarentzat eta pilotari gazteentzat oso pozgarria da halako egun batez gozatu ahal izatea". Iaz, arratsaldeko jaialdian, Atano III. pilotalekuan jokatu ahal izan zuela gogoratu du Tolosak, eta aurtengoan, iaz adinako "giro ona" izatea espero duela esan du.

Izarraitz berrituta

Eneko Etxeberria alkateak esan duenez, herriko elkarteek lan handia egin dute urteotan herrian pilota dagoen tokira eramateko, eta hark uste du harrobietan egin den lanarekin etorkizunerako apustu garbia gauzatu dela. Bide horretan, udala elkarteei laguntzen aritu dela azaldu du, Izarraitz pilotalekuan egin diren lanak gogora ekarrita. "Izarraitz pilotaleku historikoa da, eta historikoa izaten jarraitzea nahi dugu", adierazi du.

Azpeitiko Udalak martxoan hasi zituen Izarraitz pilotalekua berritzeko lanak. Hain zuzen ere, frontoia eskuz aritzeko neurrietara egokitu dute eta lurrari tratamendu berezia eman diote. "Hamaika kuadro margotu dira, eskuzko neurrietara egokituta, baina Azpeitiko Erremonte Txapelketa jokatzen denean aldatuko ditugu koadroak. Erremontistak ados zeuden neurriak aldatzearekin, eta hala egin dugu". Gainera, beltzez margotu dute horma, "Zumaiakoa eta Bilbokoa bezala", Elduaienen arabera. "Dirudienez, beltzaren kontraste hori nahikoa ondo ari da funtzionatzen, nahiz eta hasieran izan zen polemika Bilboko frontoiarekin eta". Frontoiaren kantxa txikitu egin dute eta kontrakantxa zabaldu, herritarrek pilota modalitate guztietan aritzeko aukera izan dezaten. "Herriko pilota taldeekin-eta elkartu gara, eta taldeetako kideekin adostuta erabaki zen denentzat izan behar zuela pilotalekuak", esan du Kirol batzordeburuak.