Urrezko Banakako Aizkolari txapelketaren finalean da Mikel Larrañaga

Uztarria.eus 2018ko mai. 14a, 17:16
Mikel Larrañaga, Urrestillako kanporaketa saioan.

Atutxari aurrea hartuta lortu zuen azpeitiarrak txartela, Leitzan zapatuan jokatutako finalaurreko saioan. Herrian jokatuko du finala, Izarraitz pilotalekuan, ekainaren 3an.

Mikel Larrañaga azpeitiarrak Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Sariaren finala jokatuko du. Joan den zapatuan jokatu ziren txapelketaren bi finalaurreko, Berrizen (Bizkaia) eta Leitzan (Nafarroan). Saio bakoitzean lau aizkolari lehiatu ziren, eta bi irabazleek lortu zuten ekainaren 3an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalerako sailkatzea: Iker Vicentek Berrizen eta Larrañagak Leitzan. Azpeitiarrak ezustekoa eman zuen Leitzako finalaurrekoan, Aitzol Atutxa txapeldunari aurrea hartu baitzion; Jon Rekondok eta Donato Larretxeak osatu zuten finalaurreko horretako laukotea.

Larrañagarekin eta Vicenterekin batera hirugarren aizkolari bat ariko da Azpeitiko finalean. Hirugarren lehiakidea lehen bi finalaurrekoetan bigarren tokian gelditu ziren Atutxaren eta Mugertzaren arteko huruz burukoan erabakiko da, Galdakaon (Bizkaia), datorren asteburuan.

Urrezko Binakako Harri-jasotze txapelketaren saioak ere jokatu zituzten asteburuan Berrizen zein Leitzan. Leitzako saioan aritu ziren Xabier Aranburu Guzta eta Aimar Galarraga, eta aurreko astean Urrestillan baino kilo gehiago altxatu zituzten bien artean, 8.301.