Preferente Mailan jarraituko du Ikasberrik beste denboraldi batez

Uztarria.eus 2018ko mai. 13a, 13:35
Atzoko partidako irudi bat. (Aitziber Arzallus)

Hil ala biziko partida jokatu zuen Ikasberriko gizonen lehen taldeak atzo arratsaldean Garmendipen. Sailkapeneko atzeko postuetan, puntu berdinekin zegoen Antzuola taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta mailari zuzenean eusteko garaipenak soilik balio zion Azpeitiko taldeari. 2-1 irabazi zuen norgehiagoka Ikasberrikoek.

Ligako azken jardunaldia jokatu zuen atzo Ikasberri kirol elkarteko futboleko gizonen lehen taldeak, eta atzokoan erabaki zen beste urtebetez Preferente Mailan ariko dela taldea. Izan ere, 2 eta 1 irabazi zuen Azpeitiko taldeak etxean, Garmendipen, Antzuolaren aurka jokatutako partida. 

Sailkapeneko azken postuetan ziren atzora arte Antzuola eta Ikasberri, 23na punturekin; beraz, izugarrizko garrantzia zuen atzo jokatutako partidak batak edo besteak mailari eutsi ahal izateko. Partida hasi eta berehala, bosgarren minutuaren bueltan, sartu zuen lehen gola Ikasberriko Iker Arakistainek. Bigarren gola handik bost bat minutura iritsi zen, Jon Igarataundiren eskutik. Antzuolak ere lortu zuen gol bat sartzea lehen zatia bukatu baino lehen, eta atsedenaldian markagailuak ematen zuen emaitza berarekin bukatu zen partida. Dena den, bigarren zatian izan zen ezbehar bat: Luken Galarraga taldeko kapitainak horkatila hautsi zuen, eta anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera.

Zapore gazi-gozoarekin bukatu zuten partida Galarragaren lesioa tarteko, baina mailari eustea lortu zuten atzokoan, eta Ikasberrik Preferente Mailan segituko du beste denboraldi batez.