Oier Etxeberriak bigarren egin du Plazatik Gaztetxera bertso txapelketako finalean

Uztarria.eus 2018ko mai. 13a, 11:35
Oier Etxeberria, Eibarren jokatutako kanporaketan. (Argazkia: Topatu)

Plazatik Gaztetxera bertso sariketaren finala atzo jokatu zen Ondarroako (Bizkaia) gaztetxean, eta bigarren sailkatu da Oier Etxeberria bertsolari matxinbentarra, Jokin Bergara eibartarraren atzetik. Etxeberriaren esanetan, saioaren hasieran "deseroso samar" sentitu bazen ere, bukaeran, eta, batez ere, buruz burukoan egindako lanarekin "oso gustura" gelditu zen. Ondarroako gaztetxera "jende mordoska" gerturatu eta "giro polita" izan zela adierazi du matxinbentarrak.

Plazatik Gaztetxera bertso sariketaren finala atzo jokatu zen Ondarroako (Bizkaia) gaztetxean, eta bigarren sailkatu da Oier Etxeberria bertsolari Matxinbentarra, Jokin Bergara eibartarraren atzetik. Sei bertsolari izan ziren kantuan atzo ondarroan jokatu azken saioan: Manex Astigarraga, Jokin Bergara, Aitor Zubikarai, Ane Beloki eta Urko Arregi.

Finala 18:00etan hasiko zen, baina bertsoaren bueltan egun osorako festa antolatu zuten atzorako Plazatik Gaztetxera txapelketaren antolatzaileek. 12:00etan hasita bertso poteoa egin zuten, eta 14:30ean bazkaria. Haren ostean igo ziren oholtzara aurtengo sei finalistak. Lehenengo fasean hainbat ariketa egin behar izan zituzten bertsolari guztiek: zortziko handian, zortziko txikian, puntu erantzunetan, puntutan eta hamarreko txikian neurtu zituzten abileziak. Ariketa horietan maila onena eman zuten bi bertsolariek buruz burukorako txartela eskuratu ziren: Etxeberria zen bat, eta Bergara bestea. Seiko motzean ofizioka aritu ziren, segidilla ere kantatu zuten eta bakarka hiruna bertso bota behar izan zituzten. Lan haien ondoren iragarri zuten aurtengo Plazatik Gaztetxera bertso sariketako txapela Bergararentzat zela, eta Etxeberria bigarren saikatu zen. Gainontzeko lau bertsolarien sailkapenaren berri ez zuten eman antolatzaileek.

Matxinbentarraren esanetan, saioaren hasieran "deseroso samar" sentitu zen, eta, beraz, "ez" zuen "espero" buruz burukora pasatzerik. "Saio bukaeran, ordea, eta, batez ere, buruz burukoan egindako lanarekin oso gustura gelditu nintzen. Orokorrean, konforme gelditu naiz saioan kantatutakoarekin".

Ondarroako gaztetxera "jende mordoska" gerturatu eta "giro polita" izan zela zela adierazi du Etxeberriak: "Oro har, saioa balekoa izan zela esango nuke. Ariketa serio batzuk baziren, baina, gehien bat, umoretik joan zen saioa".

Maiatzaren 5ean hasi zen aurtengo Plazatik Gaztetxera Oñatin. Saio haren ondoren geldialdia egin du Zestoa, Soraluze, Itziar, Eibar eta Debako gaztetxeetan, eta Ondarroan amaitu du ibilbidea. Eibarren jokatutako kanporaketan eskuratu zuen finalerako txartela Etxeberriak, bigarren sailkatu baitzen Jokin Bergararen atzetik.