Umeei eskainitako jolasak izan dituzte gaur Aratzerrekako sanisidroetan

Uztarria.eus 2018ko mai. 12a, 23:17

San Isidro festak ospatzen ari dira Aratzerrekan, baina eguraldi kaskarrak hainbat ekitaldi zapuztu ditu. Goizean, auzotar talde batek mendi buelta egin du Izazpitik, Paotxetatik eta Samiñotik barrena. Arratsaldean, pottokekin eta zezen txikiekin ziren hastekoak festak, baina euria erruz egin du, eta gaztetxoenek ez dute aukerarik  izan animaliekin jolas egiteko. Bestalde, azken urteotan, Aratzerrekan indar handia hartu du soroan aitzurrarekin altxor bila aritzea xede duen Atxur Festie jolasak, baina ekintza hori ere ere ez dute egiterik izan, euri zaparradak medio soroan lokatza egin baita. Nolanahi ere, auzoko pilotaleku estalian umeei eskainitako jolasek bete dute arratsaldea. Besteak beste, sokatiran, harria jasotzen, lokotx biltzen eta txinga jokoan ibili dira neska-mutilak. Ondoren, Aratzerrekara gerturatu diren guztientzat patata tortila pintxoak eskaini dituzte, eta haurrei gozokiak ere eman dizkiete.

Gauean jarraituko du festak Aratzerrekan auzo afaria egingo baitute. Bihar, aldiz, ez dute jaietako hitzordurik izango, baina bai asteartean, zaindariaren egunean. Hau da geratzen zaien egitaraua:

Gaur gauean

21:00etan: Auzo-afaria, Xabier Etxaniz eta Eneko Antxumarri soinu jotzaileek girotuta. Katxo eta bere alboka eta pandero ikasleek ere girotuko dute afalostea.

01:00etan: Lehiaketa xelebrea: hiru arrautza egosi nork azkarrago jan.

03:30ean: Baratzuri-zopa jana

Maiatzak 15, asteartea. San Isidro eguna

10:00etan: Suziriak

12:00etan: Meza nagusia

14:30ean: Bazkaria. Hitzeder eta Axier Txibilter soinu jotzaileek girotuta.

18:00etan: Pilota partidak, Ilunpeko pilotariekin.

20:30ean: Aitzurraren jaitsiera, eta festen amaiera.

Hona hemen arratsaldeko argazki bilduma: (Argazkiak: Aitzol Arregi eta Uztarria)