Eztake II taldeak estreineko kontzertua eskainiko du gaur Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko mai. 11a, 16:34
Musika eskolako bost gaztetxok osatzen dute Eztake II, horien artean Doltza Oiartzabalek eta Ekaitz Alberdik. (Argazkia: Alberto Beloki)

Iago Azkuek, Ibai Berezibarrek, Unai Eliasek, Doltza Oiartzabalek eta Ekaitz Alberdik osatzen dute Eztake II. Juan Antxieta musika eskolako ikasleak dira denak, eta gaur igoko dira aurrenekoz oholtzara Eztake II izenarekin. Musika eskolan sortutako bigarren taldea da hau, eta aurrenekoaren izenari heldu dio. Kontzertua 19:30ean hasiko da.

Azpeitiko musika talde berri baten hegaldia hastera doa. Juan Antxieta musika eskolan sortutako Eztake II taldeak aurreneko kontzertua eskainiko du gaur, Sanagustin kulturgunean, 19:30ean hasita. Bost musikari gaztek osatzen dute Eztake II: Iago Azkue, Ibai Berezibarrek, Unai Eliasek, Doltza Oiartzabalek eta Ekaitz Alberdik, hain zuzen. Azkuek baxua jotzen du, Berezibarrek gitarra elektrikoa, Eliasek bateria, Oiartzabalek teklatua eta Alberdik trikitia. Baina musika doinuei abestien letrak lagunduko diete, eta Oiartzabal eta Alberdi arduratuko dira kantuei ahotsa jartzeaz. Zuzeneko emanaldia doan izango da. 

Eztake II ez da Juan Antxieta musika eskolatik irtengo den aurreneko musika taldea. Izan ere, duela hamar urte inguru izen bereko –Eztake– taldea sortu zuten musika eskolako ikasle batzuk. Musikarako zaletasunak elkartuta hasi zuten ibilbidea, eta denborarekin beren abestiak sortu zituzten. Eztake taldea zenaren pausoei jarraitu diete Eztake II-ko partaideek, eta haien izen bera hartu dute gaur egungo musikari gazteek.

Txiki Biran emanaldia

Eztake II-ren estreineko kontzertuaren aurretik beste hitzordu bat ere izango da Sanagustin kulturgunean. 18:00etan hasita, Juan Antxietako ikasleek emanaldia eskainiko dute Txiki Biran izenburupean. Horrekin bukatuko da musika eskolak antolatutako Non da musika? Sanagustin kulturgunean topatuko al dugu? izeneko emanaldi sorta. Asteazkenean eskaini zuten prestatutako hiru emanaldietatik aurrena, Artista txiki berriak izenburupean. Atzo, berriz, Gazteen txokoa izenburudun saioa eskaini zuten, eta gaurkoa izango da azkena.