Hamahiru urteren ostean, zelai artifiziala berrituko dute

Uztarria.eus 2018ko mai. 11a, 15:48
Zelai artifizialaren erabiltzaileak eta kirol elkarteetako nahiz Udaleko ordezkariak.

Azpeitiko kiroldegi ondoko futbol zelaiko belar artifizialak hamahiru urte ditu, eta "hondatuta" dagoenez, berritzea erabaki du Udalak. Ekainaren 17tik uztailaren 20ra bitartean egingo dituzte obrak, eta 350.000 euroko aurrekontua dute lanek.

Kiroldegiaren ondoko futbol zelaia berritzeko premia zegoela aspaldi adierazi zuten haren erabiltzaileek, denboraren eraginez, "hondatuta" zegoelako. Berez, zelaia iazko urtean berritzea zen Azpeitiko Udalaren asmoa, baina obrak "uste baino aurrekontu handiagoa" zuenez, atzeratu egin zuten lanen data. Azkenean, aurtengo udan eraberrituko dute zelaia.

Uda honetan egingo dituzte eraberritze lanak, "eguneroko erabileran ahalik eta oztopo gutxien sortzeko". Atzo amaitu zen enpresak lehiaketara aurkezteko epea, eta 15-20 egunetan aukeraketa prozesua egingo dute; hautaketa prozesu horren ondoren erabakiko dute nork egingo dituen lanak. Obra horiek egiteko, epe muga bat ezarri du udalak: Azpeitia Cup bukatu eta hurrengo egunean, ekainaren 18an, hasiko dituzte lanak, eta uztailaren 20rako bukatuta egon beharko dute, futbol taldeek berehala hasiko dutelako denboraldi aurrea. "Muga horiek ipinita daude, espero dezagun beteko direla", adierazi du Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuaren arabera.

Belarraren alfonbra "gastatuta" izateaz gain, beste arazo batzuk ere baditu zelaiak: putzuak-eta sortzen dira bertan, drainatze arazoak dituelako. Horregatik, bi eratako lanak egingo dituzte: "Lehenik, belarra altxatuko dute, eta gero ikusiko da azpia nola dagoen. Azpi hori egokitzeko, putzuak-eta saihesteko, obra zibil bat egingo dute aurrena, eta, gero, belar berria jarriko dute", azaldu du Elduaienek. Haren arabera, bi atal horiek kontuan izanda, "dezenteko" aurrekontua dute lanek; hain zuzen ere, 350.000 euro kostatuko dira. "Horregatik ez dugu nahi bezain azkar egin obra, diru kopuru handia delako". Dena den, Elduaienek azaldu du herrian "erabilera handienetakoa" duen kirol instalazioa dela zelai artifiziala, eta "merezi" duela berritzea.

Aprobetxatutako hamahiru urte

Hamahiru urte eta erdi ditu zelai artifizialeko belarrak, eta Elduaienen arabera, "nahikoa probetxu" atera diote herritarrek hari. Izan ere, hark azaldu duenez, erabilera datu "esanguratsuak" ditu guneak: "Ikasberri, Lagun Onak eta Azpeitia Cup kirol elkarteetako kideek nahiz eskola kirolekoek erabiltzen dute zelaia, eta astean zehar, batez beste, egunero ehun lagun ibiltzen dira bertan. Asteburuetan, berriz, sei-zazpi partida jokatzen dituzte zelaian, normalean. Eta, horrez gain, Azpeitia Cupeko eta eskola kiroleko saioak izaten dira bertan. Beraz, ondo gastatutako eta erabilitako zelaia da".

Dani Garcia Ikasberri kirol elkarteko kidearen arabera, "sekulako beharra" zegoen zelaia berritzeko: "Gunea oso arriskutsu dago, eta jende askok min hartu du horren eraginez". Eli Lasa Lagun Onakeko ordezkariak azaldu duenez, hamazazpi talde ditu beren klubak, eta futbol eskolan beste 200 ume ibiltzen dira. Hark ere "berrikuntzaren beharra" zegoela nabarmendu du. Mikel Rodriguez Azpeitia Cupeko lehendakariaren esanetan ere, ume ugari pasatzen da zelaitik, "denboraldian zehar ez ezik, denboralditik kanpoko egunetan ere bai". Hiru elkarteetako kideak pozik agertu dira zelaia berrituko dutelako.

Gainera, beste futbol zelai artifizialeko –goiko zelaia– belarra aukeratzerakoan egin zen bezala, Ikasberriko eta Lagun Onakeko ordezkari banak parte hartuko dute belar artifizialaren aukeraketan, Udalak haien iritzia ere "kontuan" izan nahi duelako.