Azpeitiko palistek bihar ekingo diote Herriarteko txapelketari

Uztarria.eus 2018ko mai. 11a, 15:25
Goian ezkerretik eskubira, Urtzi Lopetegi Lope, Jabier Odriozola eta Asier Egiguren Bikutze. Behean, Haritz Aranbarri, Oier Alkorta eta Eneko Martija.

Urtzi Lopetegik, Jabier Odriozolak, Asier Egigurenek, Haritz Aranbarrik, Oier Alkortak eta Eneko Martijak ordezkatuko dute Azpeitia gomazko paletako Herriartekoan. Final zortzirenetako joaneko partida Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatuko dute, 10:45ean hasita.

Dagoeneko martxan da 51. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta Azpeitiko pilotariak eta palistak sariketan murgiltzeko prest daude. Hilaren 6an hasi zen eskupilotako Herriartekoa, baina Azpeitia final zortzirenetako kanporaketetan hasiko da lehiatzen, maiatzaren 20ko asteburuan. Gomazko paletako txapelketa, berriz, bihar, zapatua, hasiko da, eta azpeitiarrek orduan ekingo diote txapelketari.

Azpeitiko palistek etxean jokatuko dute aurreneko partida bihar, eta Elgoibar izango dute parez pare. Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatuko dute Herriartekoaren final zortzirenetako joaneko norgehiagoka, 10:45ean hasita. Urtzi Lopetegi Lope, Jabier Odriozola, Asier Egiguren Bikutze, Haritz Aranbarri, Oier Alkorta eta Eneko Martija izango dira Azpeitiko ordezkariak.

Guztira, 18 herrik parte hartuko dute eskuzko txapelketan, eta 16 herrik paletakoan. Eskuzko txapelketako finala ekainaren 30ean jokatuko da, eta gomazko txapelketarena ekainaren 24an.

Iaz, hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako txapela jantzi zuten Ilunpeko pilotariek, Oiartzuni hirutik hiru partida irabazita. Guztira, Gipuzkoako sei txapel ditu Azpeitiak bere palmaresean. Era berean, Euskal Herriko txapelketa ere irabazi zuen iaz.