'Proiektu pertsonalak eta konpromiso soziala' hitzaldiak itxiko du herritartasun eskola egitasmoa

Uztarria.eus 2018ko mai. 11a, 14:03

Loiola Zentroak antolatutako herritartasun eskola egitasmoaren azken saioa izango da asteartean. Hiltzaldiaren ondoren, formakuntza zikloaren amaierako ekitaldia egingo dute.

Loiolako Santutegiko Loiola Zentroak antolatzen duen herritartasun eskola egitasmoaren azken hitzaldia izango da asteartean, hilaren 15ean. Jorge Urrutiak Proiektu pertsonalak eta konpromiso soziala saioaren bigarren zatia eskainiko du, eta, ondoren, formakuntza zikloaren amaierako ekitaldia egingo dute. Ohi bezala, 19:00etan hasiko da doako hitzaldia, eta entzuleek liburutegiko atetik sartu beharko dute hara.

Loiola Zentroa joan zen azaroan hasi zuen herritartasun eskola egitasmoa, "gaurkotasuna duten kezka sozialei buruz” eztabaida bultzatzeko asmoz. Ordutik, askotariko gaiak jorratu dituzte sei hitzalditan: hala nola, gizarte konpromisoa, herritartasuna, errealitate globala eta tokikoa eta demokrazia, justizia eta herritarren parte hartzea izan dituzte hizpide.

Herritar prestakuntzan eta konpromisoan sakondu nahi duten eta Elizan inplikatuta dauden pertsonei zuzenduta daude hitzaldiak.