Ignacio Arakistainek piano kontzertua eskainiko du asteartean, Donostian

Uztarria.eus 2018ko mai. 11a, 13:03
Ignacio Arakistain piano eta organo jotzailea.

Donostiako Udaleko pleno aretoan eskainiko du emanaldia datorren asteartean, 19:30ean, eta sarrera doan izango da.

Ignacio Arakistain (Azpeitia, 1998) piano eta organo jotzaileak kontzertua eskainiko du Donostiako Udaleko pleno aretoan. Emanaldia hilaren 15ean, asteartean, eskainiko du 19:30ean. Iazko martxoan Donostia Hiria Piano Lehiaketan izan zuen hitzordua azpeitiarrak, eta sariketan emaitza onak lortu zituen; izan ere, Gipuzkoako pianojole onenaren saria eman zion Enrique Lartundo Fundazioak. Lorpen haren harira gonbidatu dute  Arakistain Enrique Lartundo Fundazioak eta Ateneo Guipuzcoanok hilaren 15ean piano errezitaldia eskaintzera. Ordu eta laurden inguruko saioa eskainiko du azpeitiar musikariak, eta sarrera doan izango da.

Juan Antxieta musika eskolan hasi zen trebatzen Arakistain umetan, eta Jose Luis Frantzesenaren organo ikasle izan zen urte luzez. Gaur egun, Donostiako Musikene kontserbatorioko ikaslea da.