"Berezia" izango da aurtengo emakumeen ikasturte amaierako jaialdia

Uztarria.eus 2018ko mai. 10a, 16:22
Jabetze Eskoletan parte hartu duten zenbait emakume, jaialdiaren aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Maiatzaren 18an, ostiralez, ospatuko dute jaialdia Jabetze Eskoletan parte hartu duten emakumeek. Egun horretan, eskoletan ikasi dutena herriratu ez ezik, Lakrikunen Greban gaude antzezlana agurtuko dute, 15 urteren ostean. Eguna borobiltzeko afaria izango da Sanagustin kulturgunean, eta bertaratu nahi dutenek sarrerak erosi beharko dituzte aurrez. Astelehenean jarriko dituzte salgai afarirako sarrerak.

Beste urte batez emakumeen ikasturte amaierako jaialdia antolatu dute Parekidetasun Sailak eta Emakumeen Mahaiak maiatzaren 18rako. Aurtengo jaialdia "berezia" izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Izan ere, Jabetze Eskoletan ikasitakoa herriratzeaz gain, Lakrikun antzerki taldearen Greban gaude obra agurtuko dute, 15 urteren ostean.

Leire Etxaniz zinegotziaren hitzetan, jaialdiaren helburua da "ikasturtean zehar Emakumeen Txokoan garatu diren Jabetze eskoletako ikastaroetan eta ekimenetan parte hartu duten emakumeak elkartzea, gure esperientzia partekatzea eta egindako lanaren emaitza herriratzea".

Ikasturtearen errepasoa

Etxanizek azaldu duenez, "Azpeitiko kultur sormena sustatzearen garrantziaz jabetuta", sormenari tokia egin diote 2017-2018 ikasturteko Jabetze Eskoletan. Bi urteko etenaren ostean, emakumeen antzerki tailerra Jabetze Eskoletara itzuli da berriro, eta arteak ere izan du bere lekua Emakumeen Txokoan. Izan ere, Virginia Imazen eskutik artea ahalduntzeko tresna gisa landu dute ikasturtean zehar. Artesturak izeneko lehiaketari ere egin diote tokia Emakumeen Txokoan. Egitasmo hori Emakume Etxeen Sareak sustatutakoa da, arte sormen feminista sustatzeko. Lehiaketan nabarmendutako lanekin erakusketa ibiltaria antolatu dute, eta dagoeneko iritsi da Azpeitiko Emakumeen Txokora. Bertan izango da ikusgai ekaineko bigarren astera arte. Leire Arenas azpeitiarraren lanak sari bat irabazi zuen Artesturak lehiaketan.

Sormenaz gain, munduko hainbat txokotako dantzek ere izan dute beren lekua Jabetze Eskoletan, baita bestelako ikastaro eta tailerrek ere. Hala azaldu du Etxanizek: "Gorputza erabili dugu jabetzean urratsak emateko zoru pelbikoa indartzeko tailerrean, baita haurdunentzako yoga saioetan ere. Autoetimua landu eta soinu bidaia egin dugu". Horrez gain, aurten Emakumea pilotari ekimenak izan duen arrakasta nabarmendu du Parekidetasun zinegotziak. Haren hitzetan, emakumeen esku-pilota "erabat indartu" da aurten. Gainera, "feminismo ezberdinek gaur egun dituzten erronken inguruan" hausnartzeko aukera izan dute aurtengo ikasturtean Jabetze Eskoletan parte hartu duten emakumeek. 

Greban gaude obrari, agur

Amaia Garmendiak zuzendutako gitarra emanaldiak irekiko du maiatzaren 18ko egitaraua, 18:30ean hasita. Antzerkiak hartuko dio lekukoa musikari, eta orduan iritsiko da aurtengo jaialdko "hitzordurik bereziena". Izan ere, 15 urteko ibilbidearen ostean, azkenekoz eskainiko dute Greban gaude antzezlana Gurutze Eizmendi, Alaitz Olaizola eta Idoia Uranga aktoreek. Emakumeen Mahaiko kideek "merezitako agurra" eman nahi diote antzezlanari, eta horregatik antolatu dute emanaldia emakumeen ikasturte amaierako jaialdian, hitzordu hori Greban gaude antzezlanaren azken agurrerako toki aproposa dela iritzita. Antzerkia 19:00etan hasiko da, Sanagustin kulturgunean. 

Greban gaude antzezlanak lanbidez garbitzaile diren hiru emakumeren gorabeherak kontatzen ditu. Hainbat arrazoi tarteko, protagonistek grebara joatea erabakitzen dute. Ironia oinarri hartuta, besteak beste, maitasunaz, amatasunaz, sexuaz, ilusioez eta emakumeen borrokez hitz egingo dute.

Idoia Uranga da oholtza gainera igoko diren hiru aktoreetako bat, eta azken emanaldiaren atarian gogoan izan ditu emakumeen aldarriak: "15 urte pasatu dira Greban gaude sortu genuenetik. Antzezlanean zehar emakumeen eskubideei lotutako aldarrikapenak egin genituen orduan, eta gaur egun aldarri berak zabaltzen jarraitzen dugu. Oraindik irainduta sentitzen gara, eta hori horrela izan ez dadin beste 15 urtez borrokan jarraitu behar badugu, hala egingo dugu, ahal dugun heinean behintzat. Horretarako ditugun baliabideak antzerkia eta bizitza dira, eta bietan dena ematen jarraituko dugu". 

Jaialdia borobiltzeko, afaria izango da Sanagustin kulturgunean, 21:00etan hasita. Afaria irekia izango da, eta animatzen den pertsona oro hurbil daiteke bertara. Afarirako txartelak aurrez erosi behar dira, eta astelehenean jarriko dituzte txartelak salgai  Parekidetasun Sailean eta Emakumeen Txokoan. Sarrerak 20 euro ordaindu beharko dira. Ikasleek, langabetuek edo zailtasun ekonomikoak dituztenek, aldiz, 10 eurotan eskura ditzakete afarirako txartelak.