Anaia edo arreba falta izatea

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 10a, 15:06
Manex eta Ximun Fuchs, Zazpi senideko obraren une batean. (Artedrama)

Axut kolektiboak Zazpi senideko antzezlana taularatuko du bihar, 20:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian. Senideen absentzia ardatz duten zazpi istorio erreal bildu dituzte. Urola Kostako Hitzak antzezlanaz erreportajea egin du.

"Noiz ohartzen gara harreman baten indarraz edo norbait biziki inportantea dela gure bizitzan? Ba falta denean". Ebidentzia horretatik abiatuta sortu dute Zazpi senideko obra Ximun eta Manex Fuchs anaiek, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Arrazoi bategatik edo besteagatik anaia edo arreba falta duten zazpi lagunen istorio errealak bildu dituzte antzezlanean. "Absentziaz hitz egiten dugu, baina gaia ez da hori. Azken finean, senidea falta izanda ere, harreman horrek nola irauten duen kontatzen dugu. Erlazio horren indarraz, edertasunaz hitz egiten dugu", azaldu du Ximun Fuchsek (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1974).

Fuchs anaiak dira antzezlaneko aktoreak, eta bien artean, zazpi istorio kontatuko dituzte, bata bestearen segidan; funtsean, zazpi antzerki obra labur taularatuko dituzte. Obra horietako bakoitzak benetako istorio bat du muinean; hain zuzen ere, honako hauen testigantzak bildu dituzte: Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñaut Castagnet. Pertsona horien errealitateak "adierazgarriak" iruditzen zaizkie obraren sortzaileei, eta horregatik aukeratu dituzte haien istorioak. "Horiek denak ezagunak dira guretzat, lagunak dira, eta nolabait horiek dira guk bizitzan zehar adoptatu ditugun beste anai-arreba batzuk".

Pertsona horietako bakoitzak harreman mota bat garatu du absentziarekin, eta aniztasun hori jaso nahi izan dute obran. "Denetarik dago: batzuek presondegitik bizi dute senidearen hutsunea, besteek heriotzatik, eritasunetik, erbestetik edo distantziatik...". Istorio pribatuak antzerkira egokitu dituzte, eta, horretarako, zazpi lagun horiekin elkarlanean aritu dira Fuchs anaiak. Haien errealitatea "zintzotasunetik" kontatzeko ahalegina egin dute.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.