Preferenteko Ikasberrik mailari eusteko partida erabakiorra jokatuko du zapatuan Garmendipen

Uztarria.eus 2018ko mai. 10a, 13:49
Ikasberri KEren Preferente mailako taldea. (Ikasberri KE)

Azpeitiko futbol taldeak sailkapenean puntu berdinekin den Antzuola hartuko du, 17:30ean hasita. Garaipenarekin ziurtatuta izango du mantentzea; berdinduz edo galduz gero, berriz, beste partida batzuetako emaitzen zain geldituko dira.


Zapatuan, ligako azken jardunaldian, jakingo dute Ikasberri Kirol Elkarteko futboleko gizonen talde nagusikoek Preferente mailari eusten dioten ala ez.

Garmendipen jokatuko dute dena erabakiko duen azken partida, 17:30ean hasita, Antzuolaren kontra. Aurkari zuzenak aurrez aurre izango dira, beraz, azken partida erabakiorrean. Azken hirurak jokoan jarri aurretik, 32na puntu dituzte Antzuolak eta Ikasberrik, eta zapatuko partida irabazten duenak ziurtatuta izango du Preferentean jarraitzea.

Ikasberriri dagokionez, berdinketarekin ez litzateke inongo kasutan zuzenean jaitsiko; aldiz, jaitsiera saihesteko promozioa jokatu beharra izan dezake, beste multzoan azken hirugarren sailkatzen denaren kontra, edo mailari eutsi diezaioke, beste talde batzuen emaitzen arabera. Antzuolaren kontra galduta ere, beste partida batzuetan zer gertatzen den begiratu beharko dute Azpeitikoek, galdu arren ere litekeena baita ez jaistea.

Aukera guztiak irekita ditu, beraz, Ikasberrik. Partidaren garrantzia ikusita, deia luzatu diete zaleei, zapatu arratsaldean Garmendipera joan eta taldea babes dezaten.