Haur motxiladunen egoeraz hausnartzeko erakusketa zabaldu du Sarek

Uztarria.eus 2018ko mai. 10a, 14:32

Ume motxiladunek bizi duten egoeraz jabetzeko, erakusketa ibiltaria hasi du Sarek Azpeitian, eta egitasmoaren aurkezpena egin dute gaur Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileak. Era berean, haiekin izan dira Xanti Gurrutxaga Azpeitiko EAJko zinegotzia, Sara Majarenas preso ohia eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, besteak beste.

Igandera bitartean izango da zabalik erakusketa Sanagustin kulturgunean, eta honako hiru atal hauek osatuko dute: hamabi argazkitan jasotako haur motxiladunen testigantzek, datuek eta gune interaktibo batek. Azken atal horretan, espetxeko bisita bat irudikatzen duen txokoa egokitu dute, eta handik egiten den telefono dei baten esperientzia ere bizi ahal izango dute bertaratzen direnek. Irudien bidez, berriz, erakutsi nahi dutena zera da: "Ume motxiladunek gurasoak ikusteko kilometro pila bat egin behar izaten dituztela eta, behin kartzelan daudela, harremantzeko daukaten denbora eskasa dela".

Agerraldian, Etxeberriak hartu du hitza, eta erakusketa "garrantzitsua" bezain "gogorra" dela esan du. "Kartzela nolako krudela den erakusten du". Umeak eta espetxea "existitu ezin daitekeen binomioa" dela azpimarratu du, eta haurrak espetxean egotea "onartezintzat" jo du. "Kontziente izan behar dugu errealitate hau badagoela, eta aldatu beharra daukagu. Gaur, ez dago aitzakiarik horretarako".

Azkarragak, bere aldetik, ohartarazi du umeek "inolako ardurarik" ez duten arren, "zuzenean" jasaten dutela espetxe politika. Sareren bozeramailearen arabera, 104 ume dira haur motxiladunak, lau haur beraien amekin espetxean bizi dira eta bederatzi umek bi gurasoak preso dituzte, eta honako egoera hau bizi dute haiek: "Ostiral arratsaldeetan, eskolatik irten eta autobusera igotzen dira. Mila kilometro baino gehiago egiten dituzte han, eta espetxera iristean kristal madarikatuarekin egiten dute topo. Gainera, ezin dute elkar besarkatu". Era berean, gaineratu du ezin dutela "bizitza normala" egin, "astez aste autoa edo autobusa hartu behar dutelako eta ezin dutelako igaro asteburua dagokien jardunetan: lagunartean, eskolaz kanpoko ekintzetan...".

Umeen egoeraz ez ezik, adinekoek bizi dutenaz ere hitz egin du Azkarragak. "Preso ugari dago 60 urte inguru dituztenak, eta haien gurasoek ezin dituzte seme-alabak bisitatu, bidaia luzeegiak direlako edo ez daukatelako baliabiderik".

Espetxe politikak, senideei "zigor bikoitza" ezartzeaz gain, giza eskubideak urratzen dituela salatu du, eta zentzu horretan, aurreko astean ETAk bere desegitearen berri eman eta biharamanueko Kanboko ekitaldia ekarri du gogora. Dei berezia egin die gobernuei eta komunikabideei "beste aldera begira ez dezaten", eta "gatazkaren ondorioak konpontzeko eta elkarbizitzarako" mobilizaziora deitu ditu herritarrak.

Igandean, ipuin kontaketa eta bertso musikatuak

Erakusketaz gain, beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Sarek. Igandean, esaterako, Lorea Etxeberriak ipuin kontaketa saioa egingo du 12:30ean, Sanagustinen, eta, ondoren, bertso musikatua hasiko da. Ixak Arrutik, Haritz Arakistainek, Oihana Iguaranek, Jokin Urangak eta Alaia Martinek hartuko dute parte saioan.