Azpeitiaren eta Hazparneren senidetze jaia izango da hilaren 26an

Uztarria.eus 2018ko mai. 9a, 19:07
Iaz, bi herrien arteko 30. urteurreneko ekitaldian.

Irailearen Hazparnen egin zuten festa, eta orain Azpeitian egingo dute. Besteak beste, senidetze hitzarmena berritu eta Zelai Luzen zuhaitza landatuko dute bi herrietako ordezkariek. Bazkaria ere izango da Azoka Plazan, eta sarrerak salgai daude. Aurten 31 urte dira Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela.

Iaz bete ziren 30 urte Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela, eta hori ospatzeko egun osoko jaia egin zuten joan zen irailean Lapurdiko herrian. Bi herrietako ordezkariek erabaki zuten udaberrian Azpeitian ere egingo zutela senidetzea sendotzeko ekitaldia, eta halaxe izango da; izan ere, datorren maiatzaren 26rako Azpeitian egun osoko jaia antolatu dute.

Bi herriek senidetzea gauzatu zutela 31 urte dira aurten, eta azken urteetan hainbat urrats egin dute bateko eta besteko ordezkariek harremanak sendotzeko bidean. "Iaz senidetzearen 30. urtemuga zenez, bi gauzari heldu genien: batetik, bi herrien senidetzea berritzeko ekitaldi instituzionala egin genuen; eta, bestetik, herritarrak eta bi herrietako taldeetako nahiz eragileetako kideak harremanetan jarri nahi izan genituen", azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak hilaren 26ko egitarauaren aurkezpenean.

Herritarrei eta eragileetako nahiz taldeetako kideei festa egunean parte hartzeko deia egin diete udal ordezkariek, eta gogorarazi dute, Hazparnen iaz egin zuten senidetze egunean 200dik gora lagun izan zirela. Horri lotuta, Bereziartuak azaldu du azken hamarnaka urtetan Hazparneko alkate izan direnak Azpeitian izango direla, baita hainbat elkartetako eta taldetako kideak ere.

Egun osoko festa prestatu dute hilaren 26rako, eta eguna ongietorriarekin eta hamaiketakoarekin hasiko dute. Ondoren, kalejira egingo dute Udal Musika Bandak eta bi herrietako ttuntturroek. Eta, segidan, Hazparnen egin zuten gisan, Zelai Luzen zuhaitz bat landatuko dute udal ordezkariek. Ondoren, udaletxera joango dira senidetze hitzarmena berritzera.

Pilota partidak jokatuko dituzte bi herrietako pilotariek bazkal aurretik, eta bazkaria Azoka Plazan izango da. Dagoeneko salgai jarri dituzte bazkaritarako sarrerak udaleko Kultura sailean, 943 15 70 68 zenbakira deituta. Helduek 25 euro ordaindu beharko dute bazkarirako txartela, eta 12 urtetik beherako umeek, 10 euro. Bazkarirako txartelak erosteko azken eguna maiatzaren 23a izango da.

Menua Azoka Plazako Elikaguneko kideek osatu dute, "Zero kilometro" produktuekin. Honako hau izango da bazkariko menua: mahai gainekoak, salmorejoa kantauriko hegaluzearekin, Nafarroako zainzuri freskoak, Basatxerri masailak ardo saltsan, Azpeitiko ardi gaztak Errezilgo sagar dultzearekin, esne gozoa garaiko fruituekin, kafea eta patxarana. Umeentzako menua, berriz, honako hau da: makarroiak tomatearekin eta txorizoarekin, albondigak barazki saltsan eta esne gozoa garaiko fruituekin.

Honako hau da udalak prestatu duen egitaraua:

10:45. Hazpandarrei ongietorria Sanagustin kulturgunean. Hamaiketakoa egingo dute.

11:00. Azpeitiko Udal Musika Banda eta Azpeitiko nahiz Hazparneko ttuntturroak.

11:30. Zuhaitz landatzea Zelai Luzen.

12:00. Senidetze hitzarmenaren berritzea.

12:30. Bi pilota partida Frontoi Txikian eta Kantu Jira plazatik hasita.

14:30. Bazkaria Azoka Plazan.

16:00. Kantu eta musika emanaldia Azoka Plazan.

19:00. Hazparnera itzulera.