Estresari aurre egiten ikasteko tailerra eskainiko du Loiola Zentroak

Uztarria.eus 2018ko mai. 9a, 14:00

Hiru orduko lau saio izango ditu ikastaroak, eta Sonia Mestrek gidatuko ditu. Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da aurrez, plazak mugatuta baitaude. Hilaren 21ean itxiko da izen-ematea. 

Loiolako Santutegiko Loiola Zentroak estresari aurre egiten ikasteko mindfulness tailerra antolatu du maiatzetik ekainera bitarterako. Orotara, lau saio izango ditu ikastaroak, eta saio bakoitza hiru ordukoa izango da. Sonia Mestrek gidatuko du ikastaroa.

Maiatzaren 26an eta ekainaren 2an, 23an eta 30ean izango dira saioak, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Aurreneko saioan Arreta osoaren garapena, ezaguera eta sendaketa bide bezala izenburupean eskainiko du Mestrek. Ekainaren 2ko saioa Norbere buruaren ezagutza eta gupida izenburupean arituko dira solasean; ekainaren 23an estresa murrizteko estrategiak landuko dituzte, eta azken saioan mindfulnessak egunerokotasunean nola lagundu dezakeen aztertuko dute parte-hartzaileek.

Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da aurrez, 615-785 223 telefonora deituta edo loiolazentroa@santuariodeloyola.org helbidera idatzita. Plazak mugatuta daude, eta maiatzaren 21era arte egongo da ikastaroan izena emateko aukera.