Herri hezitzailearen gaineko diagnosia egingo dute datozen hilabeteetan

Uztarria.eus 2018ko mai. 8a, 21:56

Diagnosiaren helburua da hezkuntza arautuko eta ez arautuko eragileen balioez hausnartzea eta elkarlanerako zubiak eraikitzea. Lau fasetan banatuko dute proiektua, eta Elhuyarreko Goizargi Oruesagasti arduratuko da ikerketa lanaz. Herri Hezitzailearen talde eragilea osatzen duten Udal ordezkariek, hezkuntza arloko zenbait eragilek eta  hainbat norbanakok sustatu dute diagnosia. 

Herri Hezitzailearen inguruko diagnosia egingo dute Azpeitiko Udalak eta herriko hezkuntza arautuko eta ez arautuko hainbat eragilek datozen hilabeteetan. Besteak beste, hezkuntzaren munduan ekarpena egiten duten norbanakoek eta eragileek sustatzen dituzten balioen inguruan hausnartuko dute maiatzean hasita. Herri hezitzailea helburu, eragileen eta norbanakoen artean zubiak eraikitzea nahi dute diagnosiaren sustatzaileek, "etorkizunean elkarlanean proiektuak martxan jartzeko".

"Hezkuntzaren ardura norbanako guztiena" dela iritzita eta "Azpeitia herri hezitzailea izan dadin", Herri Hezitzailea jardunaldia egin zuten iazko maiatzean, Herri Hezitzailearen talde eragileak sustatuta. Bertan, hezkuntza arautuko (ikastetxeak) eta ez arautuko eragileek (ludotekek, Gaztelekuak, kirol elkarteak, festa batzordeak, auzo elkarteak, Kultur Mahaiak...) beren lan ildoak eta esperientziak azaldu zituzten. Urtebete igarota, herri hezitzailea lortzeko beste pauso bat eman nahi dute Herri Hezitzailearen sustatzaileek, eta horretara dator egingo duten diagnosia. Udalak, hezkuntzako eragileek eta norbanakoek osatzen dute Herri Hezitzailaren talde motorra.

Pausoz pauso ondutako diagnosia

Elhuyar fundazioko Goizargi Oruesagasti arduratuko da diagnosia osatzeko ikerketa lanaz. Hark azaldu duenez, hainbat fasetan egingo dute diagnosia. Aurreneko fasean, hezkuntzari lotutako eragileekin bilduko dira, "lantzen dituzten balioak nola aztertu daitezkeen ikusteko". Maiatzean egingo dute hori. Ondoren, ekainean, "diagnosiaren muina" izango den informazio bilketarekin hasiko dira. Informazio hori bi iturritatik jasoko dute. Alde batetik, elkarrizketak egingo dituzte arloka Udaleko teknikariekin eta zinegotziekin. Bestetik, galdetegi bat prestatuko dute, herriko eragileei egiteko. Aurreneko bi faseak amaituta, iraila urria aldera "arlokako kontraste saioak" egingo dituzte. Saio horiek egiteko "gaur egun arloka sortuta dauden espazioez" baliatuko direla azaldu du Oruesagastik. Esaterako, gaur egun martxan dauden Kirol Mahaira zein Emakumeen Mahaira joko dute. Horrez gain, kontraste saioak egiteko kulturaren edo hezkuntzaren eremuaz hausnartzeko taldeak eratuko dituzte. Saio horien helburua da herriko eragileen indarguneen eta ahulguneen inguruan hausnartzea, arloka. 

Azken fasean, iaz egindako Herri Hezitzailea jardunaldiaren bigarren topaketa egingo dute sustatzaileek eta parte-hartzaileek. "Jardunaldi horiekin ez dugu hezkuntza arloka soilik aztertuko, herri ikuspegi zabalago batetik baizik. Zein erronka ditugun zehaztuko dugu bertan. Hori ez ezik, horiek aurrera eramateko zer egin dezakegun eztabaidatuko dugu", azaldu du Oruesagastik. Ondoren, itzulera ekitaldia egingo dute, eta bertan diagnosia gorpuzteko prozesuan bildutako datuak eta ikerketaren emaitzak aurkeztuko dizkiete herritarrei".