Jon Sarasuak hitzaldia eskainiko du bihar, Sanagustinen

Uztarria.eus 2018ko mai. 8a, 14:06
Jon Sarasua. (Argazkia: EITB)

XIX. eta XX. mendeetako ideologiei buruzkoa izango da Munoandi elkarteak antolatutako hitzaldia. Bihar, asteazkena, izango da 20:00etan, Sanagustin kulturgunean. 

Jon Sarasua kazetari eta soziologoak (Aretxabaleta, 1966) Sustraiak eta adarrak. XIX. eta XX. gizaldietako ideologiak, zertan dira? hitzaldia eskainiko du bihar, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Sarasua, eta haren solasaldia Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko irakasleak zuzenduko du.

Ez da Munoandi elkarteak antolatu duen lehenengo hitzaldia. Izan ere, Mikel Reparaz kazetariak Trumpen Amerika munduaren aurrean hitzaldia eskaini zuen Sanagustinen aurreko astean, eta dozenaka lagun izan ziren bertan. 

Aurrera begira ere antolatu ditu beste ekitaldi batzuk Munoandik. Horien artean dira, adibidez, Ane Irazabal nazioarteko kazetariaren solasaldia, Xabier Arzalluz EAJko buruzagi ohiaren pentsamendua eta ondare politikoa jasotzen dituen Euskadiko historia politikoa dokumentalaren aurkezpena edo Jon Artano nazioarteko kazetariaren hitzaldia. Munoandik oraindik ez ditu zehaztu hitzaldi eta emanaldi horien datak eta orduak.