Sare Eguna antolatu dute maiatzaren 19rako, 'Motxilak erantzi, egin jauzi' lelo hartuta

Uztarria.eus | Politika | Artikulua
2018-05-05 15:18

Azpeitiko Sarek Sare Eguna antolatu du maiatzaren 19rako, 'Motxilak erantzi, egin jauzi' lelo hartuta. Egun guztirako egitaraua osatu dute askotariko ekitaldiekin, "euskal presoen seme-alabek beren gurasoen ondoan hezteko duten eskubidea" aldarrikatzeko. Besteak beste, kros herrikoia, umeen kros txikia, paella txapelketa, herri bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak izango dira.

Euskal presoek jasaten dituzten "sakabanaketak eta urruntze politika sistematikoak" hainbat ondorio eragiten dutela salatu du Azpeitiko Sarek, "gainera, ondorio horiek gehienetan presoen senideek pairatzen dituzte". Sarek euskal presoen seme-alabak beren gurasoen ondoan hezteko duten eskubidea aldarrikatzeko konpromisoa hartuta du. Konpromiso hori herrira ekarriz, maiatzaren 19rako Sare Eguna antolatu dute, Motxilak erantzi, egin jauzi lelo hartuta. Gaur aurkeztu dute egun hori, Sanagustin kulturgunean.
"Azpeitian badugu motxiladun ume bat, Joseba Segurola presoaren urtebeteko alabatxoa. Eta, beste hamabost adin txikiko azpeitiarrek ere, beren senideak bisitatzeko bidaia luzeak egin behar izaten dituzte Alacant, Mont de Marsan eta Lannemezaneko espetxeetara". Egoera horrek, haur horiei eskola orduak eta eskola kanpoko jarduerak galtzea eta neke fisiko eta psikologikoa eragiten dizkiela salatu du Sarek. Horrez gain, bidaia horietan auto istripu eta ezbehar bat baino gehiago gertatzen dela kritikatu du. "Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, 400 ezbehar baino gehiago izan dira errepideetan eta hamasei pertsonek galdu dute bizia presoak bisitatzera zihoazenean".

Presoen senide diren adin txikikoek "bizi duten injustizia" hori herriratzeko, azken hilabeetan hainbat ekimen egiten ari da Sare: "Adin txikikoekin harremana duten eragile, instituzio zein adituei egoeraren berri eman diegu. Gure helburua, injustizia honen inguruan hausnartzera bultzatzea izan da. Ideologiaz haratago, ezberdinen artean injustizia honekin bukatzeko pausoak eman nahi ditugu, elkarlanean eta ume hauen egoera erdigunean jarrita".

Sarek aipatu du baita ere, ETAren amaieraren ondoren "euskal presoen egoera aldatzeko dinamika berriak zabalduko dira, eta Saretik, elkarlanean, horiek indartzeko ahaleginean arituko gara".

Sare Eguna eta gehiago

Sare Eguneko egun osoko egitarauaz gainera, beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Sarek: atzo, Motxiladun umeak dokumentala ikusteko ehun ikasle inguru bildu ziren Sanagustinen. Horrez gain, maiatzaren 10etik 13ra Motxiladun umeak erakusketa jarriko dute Sanagustin kulturgunean. Maiatzaren 10ean, goizean, aurkeztuko dute erakusketa, eta maiatzaren 13an ekitaldi bat egingo dute bertan bertso, musika eta ipuin kontaketarekin.

Sare Egunerako askotariko ekintzak antolatu dituzte. Aurten berria da Umeen Kros Txikia. Txikienek lasterkan itzuli bat egingo dute Alde Zaharrean, Ekaintxouk girotuta. Helduen Kros herrikoirako eta Paella Txapelketan parte hartzeko izena emateko epeak zabalik daude, eta bazkari herrikoirako txartelak ere salgai jarri dituzte. Horiez gainera, Sare Egunerako kamisetak saltzen dituzte Orkatzen.

Maiatzak 19, Sare Eguna
- 11:00.
Kros herrikoia, plazatik irtenda. Izena emateko tokiak: Azkoitian Elkargunean eta Azpeitian Aitzaki kirol dendan, Igerilekuan eta Orkatzen. Internetez: kirolprobak.com webgunean.
- 11:30. Umeen Kros Txikia. Ez dago izena eman beharrik. Alde Zaharrean itzuli bat egingo dute, Ekaintxouk animatuta.
- 12:00. Ekaintxou ikuskizuna, dantza eta jolasak.
- 13:00. Paella Txapelketa, plazan. Parte hartzeko izena emateko tokiak: Orkatz eta Sanagustin kulturgunea. Maiatzaren 14rako eman behar da izena.
- 14:30. Herri bazkaria, Berdura plazan. Bazkaritarako txartelak daude salgai Orkatzen eta Sanagustinen.
- Bazkal ondoren, umeentzako gunea.
- 18:00. Manifestazioa, plazatik irtenda.
- Manifestazioaren bukaeran, polka erraldoia dantzatuko da plazan, Erokomeri taldeak girotuta.
- 22:30. Kontzertuak: Erokomeri eta Hesian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa