Sortu eta jo, norberak

Uztarria.eus 2018ko mai. 4a, 19:00

Mondocane eta Delient taldeetako gitarrista Haritz Amezuak (Azpeitia, 1979), musika jo ez ezik, haridun instrumentuak ekoizten ditu. Irudietan jaso du prozesua Uztarriak apirileko 204. zenbakidun aldizkarirako, Oihan Amezuaren argazkiekin eta Ainitze Agirrezabala kazetariaren testuekin.

Txantiloia

Musikazale amorratua da Haritz Amezua, eta 15 urterako hasi zen gitarrarekin "zarata" ateratzen. Anplifikadorea erosi zuen Ingalaterran, eta harentzat bozgorailua berak egin zuen, fresatzailea erosita. "Hautsak hartzen zegoen [fresatzailea], eta instrumentuak egiteko oinarrizko lau erreminta erosi nituen, eta gitarrak egiten hasi nintzen", azaldu du. Goiko irudian, gitarraren diseinua aukeratu ondoren txantiloia egiten.

Gitarraren gorputza eta tapa kolarekin itsasten

Interneteko foroetan eta liburu espezializatuetan "orduak pasatuta" ikasi du Amezuak gitarrak egiten etxeko garajean. Haltza, sapelia, ebanoa, khaya eta Indiako santu egurra erabiltzen ditu instrumentuak egiteko, eta, oro har, Madrildik eta Valentziatik ekartzen du materiala. Hasieran, Oier Aleman lagunaren tailerrean aritzen zen lanean, baina enpresa hura itxi egin zen, eta orduan erosi zituen beharrezkoak dituen makineria eta tresna guztiak.

Txantiloiak markatzen

Gitarrak ez ezik, baxuak ere egin izan ditu azpeitiarrak. Horiek egiteko diseinuak marka ezagunen ereduetatik hartu izan ditu, baina "diseinu propioak sortzen" ere hasi da.

Zerraz mozten

Egurrak eskuilatu eta gitarraren eskala aukeratu ondoren, trasteak zerraz mozten ditu Amezuak.

Gitarraren giderra

Trasteak zerraz moztu eta gero, gitarraren giderra kolaz itsasten du azpeitiarrak, eta, ondoren, zehaztasun handiz giderrak akatsik duen aztertzen du.

Zuloak egiten

Zulatzeko makinarekin larako etxeentzako zuloak egiten ditu.

Doitzen

Txantiloiak eta gorputzak fresagailuz doitzen ditu.

 

'Hardware'-a muntatzen

Ofizioz trokelgintzan aritzen da azpeitiarra Zarauzko enpresa batean, baina denbora librean, garajean sartu eta orduak eskaintzen dizkio bere zaletasunari. Gitarra edo baxua hasi eta bukatu ekoizteko, lanbide desberdinak kontrolatzen ditu Amezuak. Goi mailako mekanizatu ikasketak egin zituen eta elektronika arloa ere kontrolatzen du. Goiko bi argazkietan, gitarraren hardware-a muntatzen ageri da.

Probatzen

Behin gitarra bukatuta, larakoak doitzen ditu. Goiko argazkian, Amezua eta bere hainbat artisau lan.