Dantza irrien truke

Uztarria.eus 2018ko mai. 4a, 17:22
Leire Iriarte eta Nerea Arakistain, ‘Mugitu algarak’ jaialdiaren antolatzaileak. (Ihintza Elustondo)
'Mugitu algarak' elkartasun jaialdia antolatu dute Nerea Arakistain eta Leire Iriarte azpeitiarrek, beste bi lagunekin batera. Larunbatean, Urretxun izango da ikuskizuna, eta bildutako dirua Algaraklown elkarteari emango diote.

Dantza eta irriak uztartuta, Mugitu algarak ikuskizuna antolatu dute Deustuko Unibertsitateko komunikazio graduko lau ikaslek. Hain zuzen ere, Azpeitia eta Beasain arteko Dantzaki eskolako eta Urretxuko Irrintzi taldeko dantzariek elkarrekin ikuskizun bat eskainiko dute bihar, larunbata, Urretxuko Labeaga aretoan, 19:00etan hasita. Elkartasun emanaldia izango da: izan ere, ospitaleratuta dauden haurrak alaitzea helburu duen Algaraklown erakundearentzat izango da bertan bildutako dirua. Jaialdiaren antolatzaileetako bi dira Nerea Arakistain (Azpeitia, 1997) eta Leire Iriarte (Azpeitia, 1997).

Unibertsitateko proiektu baten emaitza da emanaldia. Komunikazio graduko hirugarren mailako ikasgai batean publizitatea lantzen ari dira ikasleak, eta bertan, irakasleak proiektu bat garatzea proposatu zien: Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzat ekitaldi bat antolatu behar zuten; zehazki, Algaraklown erakundearentzat. Donostiako elkarte bat da Algaraklown; zortzi pailazok osatzen dute, eta horiek Donostia ospitalera joaten dira, bertako umeei eguna poztera –duela gutxi zahar etxeetara joaten ere hasi dira–. Bi helbururekin aritu dira lanean ikasleak: batetik, gizarteak Arlgaraklownen berri izatea nahi dute, eta, bestetik, hari diru laguntza bat ematea.

Behin irakasleak baldintza horiek zehaztuta, lanean hasi ziren ikasleak. Arakistain, Iriarte eta haien bi taldekideak –Lide Mendiaraz urretxuarra eta Mikel Aranzadi anoetarra– buruari bueltak ematen hasi ziren, eta dantza ikuskizun bat antolatzea otu zitzaien, Arakistainek azaldu duenez: "Lidek Irrintzi taldean dantza egiten du, eta ni Dantzakin aritzen naiz. Orduan, pentsatu genuen: 'Zergatik ez dugu bi taldeen arteko nahasketa bat egiten?". Irrintzin euskal dantzak lantzen dituzte, eta Dantzakin saloikoak, eta "polita" iruditu zitzaien bi estilo horiek uztartzea. "Honako mezu hau transmititu nahi dugu: bi dantza mota elkartu dira Algaraklowni elkartasuna adierazteko", adierazi du Iriartek.

Estiloak txandakatuz

Biharko saioan euskal dantzak, salsa, bachata, funky... piezak ikusi ahal izango dira, eta Algaraklownen irudia bertan presente egoteko, erakundeko bi pailazok aurkeztuko dute jaialdia. "Beraiek azalduko dute zer helbururekin egingo dugun ikuskizuna, eta, bukatzeko, eskerrak ematera irtengo dira", azaldu du Iriartek. Horrez gain, sarreran sudur gorriak salduko dituzte, euro baten trukean, sudur gorria baita Algaraklown erakundearen sinboloa.

Guztira, 30 bat lagunek dantza egingo dute ikuskizunean; haien artean izango dira Dantzaki eskolako hainbat azpeitiar. Arakistainek berak ere egingo du dantza, eta, hark azaldu duenez, entseguetan buru-belarri murgilduta dabiltza azken egunotan. Iriarte, berriz, antolakuntza lanetan ariko da bihar: "Sarrerak eta sudur gorriak saltzen, jendearen zalantzak argitzen...". Euro bat balioko du sarrerak, eta Algaraklowni diru laguntzaren bat eman nahi dionak, horretarako aukera ere izango du. Labeaga aretoan 353 lagun sartzen dira, eta ahalik eta jende gehien bertaratzea nahi dute antolatzaileek.

"Oso ilusionatuta" daude bi azpeitiarrak egiten ari direnarekin. "Berez, unibertsitateko lan bat da, baina ez da edozein lan, begira dirua nora doan... Norbaiti laguntzen ari garela sentitzen dugu", azaldu du Iriartek. Jaialdia antolatzeko prozesuan asko ikasi dutela nabarmendu dute biek: "Jendea laguntzeko prest dagoela konturatu gara. Beti pentsatzen duzu: 'Nola ba!'. Baina, askotan, galdetzea izaten da kontua". Arakistainek gauza bat, behintzat, ikasi du: "Zerbait lortzeko mugitu egin behar dela".