Urrezko aizkolari eta harri-jasotze txapelketen kanporaketak jokatuko dituzte igandean Urrestillan

Uztarria.eus 2018ko mai. 3a, 15:12
Mikel LarraƱaga da Urrestillan lehiatuko diren aizkolarietako bat.

Mikel Larrañaga azpeitiarrak Eneko Otañorekin, Jesus Mari Mujikarekin eta Arkaitz Jauregirekin neurtuko ditu indarrak aizkolarien lehian. Harri jasotzen, berriz, binakakoa izango da lehia: Xabier Aranburu Guzta urrestildarrak eta Aimar Galarragak osatuko dute bikoteetako bat, Iban Ugartemendiak eta Beñat Telleriak bestea. 12:30ean hasiko da jaialdia, Txikuri frontoian.

Urrezko Banakako Aizkolari eta Urrezko Binakako Harri-jasotze txapelketen kanporaketak jokatuko dituzte igandean Urrestillako Txikuri pilotalekuan, 12:30ean hasita.

Aizkoran, lau kirolari ariko dira nor baino nor Eusko Label sari nagusiaren barruan: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Eneko Otaño beizamarra, Jesus Mari Mujika ibarrarra, eta Arkaitz Jauregi ilarduiarra. Enbor bana kolpe gutxiagotan zeinek ebaki, eta beste bina enbor –bat txikia, bestea 60 ontzakoa– zeinek azkarrago jokatu ondoren, buruz buru lehiatuko dira ondoren, txandaka; tenteka zein etzanean ebaki beharko dituzte enborrak. Lehen bi postuetan sailkatzen direnak igaroko dira txapelketaren hurrengo fasera; kanporaketen lehen faseko bederatzigarren jardunaldia da Urrestillan jokatuko dutena.

Harri-jasotzaileen txapelketan, berriz, binaka ariko dira kirolariak. Urrestillan, bi bikote ariko dira lanean: Xabier Aranburu Guzta urrestildarra eta Aimar Galarraga, batetik, eta Iban Ugartemendia eta Beñat Telleria Telleria IV.a, bestetik. Aizkolariak ez bezala, harri-jasotzaile bikoteak ez dira elkarren kontra ariko; igandean ez du bikote batek aurrera egingo eta bestea ez da kanpoan geldituko, alegia. Txapelketa honetan, saio ezberdinetan lehiatzen ari diren bikoteen marka guztiak batuta osatuko dute sailkapena. Bikote bakoitzeko harri-jasotzaileetako batek zilindro zaharra altxatu beharko du hiru minutuko saioan; besteak, berriz, kubikoa, hiru minutuko beste txanda batean; eta bikoteka, lau minutuko txanda librean, 100 kiloko bola altxatu beharko dute.