Jeanne Rolande ikerlari eta ekintzaile feministak bere tesia aurkeztuko du gaur Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2018ko mai. 2a, 13:12
Jeanne Rolande. (Emakumeen Txokoa)

Rolandek emakume afrikar migratzaileek beren identitatea, imaginarioa eta praktikak nola eta zergatik eraikitzen eta deseraikitzen dituzten kontatzen du tesian. 18:00etan hasita egingo du aurkezpena, Emakumeen Txokoan. Otsailean zen solasaldia eskaintzekoa, baina data atzeratu egin zuten, eta gaur izango da saioa.

Jeanne Rolande ikerlari eta ekintzaile feministak (De)construyendo identidades, imaginarios y practicas. Mujeres migrantes africanas en la encrucijada tesia aurkeztuko du gaur, asteazkena, Emakumeen Txokoan, 18:00etan hasita. Berez otsailean zen aurkezpena egitekoa, baina data atzeratu egin zuten, eta gaur eskainiko du solasaldia.

Rolandek emakume afrikar migratzaileek beren identitatea, imaginarioa eta praktikak nola eta zergatik eraikitzen eta deseraikitzen dituzten kontatzen du tesian, gaiaren inguruko hausnarketa egitearekin batera. Euskal Herriko emakume afrikarren migrazioaren testuingurua zein den aztertzen du, baita hona egokitzeko dituzten bizipenak eta balorazioak aipatu ere.

Rolanderen arabera, emakume afrikarrak bizi-baliabide jakin batzuekin iristen dira Euskal Herrira: pentsamoldeak, harremanak egiteko modua, jendartean kokatzeko modua... Iristen direnean izateko eta egiteko modu berriak bereganatzen dituzte.

Ingurukoen diskurtsoak, praktikak eta errepresentazioak ere aztertzen ditu Rolandek bere tesian, horiek guztiek emakume horien autonomia prozesuan zerbaiteraino baldintzatzen duten baloratzeko. Horrez gain, emakume afrikar migratzaileen ahalduntzea indartzen eta oztopatzen duten faktoreak aztertzen ditu. Ikerlari eta ekintzaile feministak ateratako ondorioen berri emango du Emakumeen Txokoan.