Langileen eta emakumeen borrokek bat egin dute Maiatzaren 1ean Azpeitian

Uztarria.eus 2018ko mai. 2a, 00:21

Dozenaka lagun batu da arratsaldean Gaztetxeak, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiek asanblada feministak eta LABek deitutako manifestaziora. Langile boterea eraiki! leloarekin egin dute martxa, eta amaieran Donibane Garaziko hilketa matxista ere gogora ekarri dute, "langile ororen beharrei zuzenean erantzungo dieten eremuen sorrera" aldarrikatzearekin batera.

Bi idatzi irakurri dituzte plazan manifestazioa bukatzeko. Aurrena, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren izenean irakurri dutenarekin, Garaziko eta Gasteizko hilketak eta sanferminetako sexu erasoaren epaia gogora ekarrita, Euskal Herrian "hau ere" emakumeentzak "hilabete gogorra izaten ari" dela nabarmendu dute. Maiatzaren 1ean, euskal emakume langileek bizi duten "egiturazko indarkeria" plazaratu nahi izan dute horrela: "Emakume izateagatik soilik gara erasotuak, kolpatuak, abusatuak eta erailak. Eta horrez gain, ezin ahaztu genezake kapitalismoak, neoliberalismoak eta kolonialismoak langileon gorputzak eta bizitzak erasotzen dituela etengabe". Horregatik, Maiatzaren Lehenean "emakume langileek ere borroka eguna" dutela gogorarazi dute. "Kapitalismoaren, patriarkatuaren eta neokolonialismoaren erasoaldien aurrean, parez pare izango gaituzte. Eta horretarako, aliantzak, erresistentzia, elkartasuna eta autodefentsa feminista ditugu ardatz", esan dute adierazpenean.

Manifestazioaren deitzaileek gaurko egunaren harira egindako irakurketaren txanda etorri da ondoren. Mobilizazioaren lelo nagusia aintzat hartuta, "arazoen aurrean babesik gabe, isolatuta edo irtenbiderik gabe senti daitekeen langile ororen beharrei erantzungo dieten eremuen sorrera" aldarrikatu dute. "Harremanak ulertzeko modu berriak sortzeko garaia" dela uste dute Gaztetxeak, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiek asanblada feministak eta LABek, eta "kapitalismoaren lehia basatitik babestuko gaituzten guneak" sortzera deitu dute. "Finean, har dezagun gure bizitzaren gaineko kontrola", aldarrikatu dute.