Oier Etxeberria Plazatik Gaztetxera txapelketako finalean izango da

Uztarria.eus 2018ko mai. 1a, 19:41
Oier Etxeberria Eibarko saioan kantuan. (Eta kitto)

Joan zen zapatuan Eibarko Gaztetxean jokatutako finalerdian eskuratu zuen azpeitiarrak finalerako txartela. Bigarren egin zuen saioan, eta maiatzaren 12an, larunbatez, Ondarroan jokatuko den finalean izango da.

Oier Etxeberria (Azpeitia, 1998) bertsolaria Plazatik Gaztetxera txapelketaren finalean izango da, joan zen zapatuan lortu baitzuen finalean aritzeko txartela Eibarko Gaztetxean jokatutako finalaurrekoan. Ondarroako Gaztetxean izango da finala, hilaren 12an, larunbatez. Etxeberriarekin batera ariko dira kantuan Manex Astigarraga, Jokin Bergara, Aitor Zubikarai, Ane Beloki eta Urko Arregi.

Joan zen ostiralean Eibarren jokatutako finalean 50 lagun baino gehiago izan ziren saioa entzuten. Manu Goioaga aritu zen aurkezle lanetan, eta Oier Etxeberria, Ander Zulaika, Mikel Iturriotz, Urko Arregi, Ane Peñagarikano eta Jokin Bergara aritu ziren kantuan. Agurren ostean, zortziko handian jardun zuten bertsolariek, eta ofizio politak osatu zituzten. Zortziko txikian ere txukun aritu ziren, eta puntu-erantzunekin hasi ziren jarraian. Ondoren, konplaka aritu ziren, eta aipatzekoa izan zen Etxeberriak, Arregik eta Bergarak osatu zuten ariketa; hain zuzen ere, tatuajea egin eta astebetera, damututa, tatuajea ezabatzera joan ziren hiru lagunen papera hartu zuten bertsolariek. Saioa bukatzeko, bakarka aritu ziren bertsolariak.

Epaimahaiak hala erabakita, Jokin Bergara izan zen nagusi saioan, 236 puntu lortuta. Oier Etxeberria izan zen bigarren, 234,5 puntu eskuratuta. Haren ostean sailkatu ziren Urko Arregi (230,5 puntu), Mikel Iturriotz (219 puntu), Ane Peñagarikano (203,5 puntu) eta Ander Zulaika (202 puntu).

Saio hartatik lehen hiru sailkatuek lortu dute finalerako txartela, eta Deban jokatu zen bigarren finalerditik sailkatutako beste hiru bertsolariekin arituko dira horiek kantuan astebete pasatxo barru, Ondarroan.