Donibane Garaziko hilketa matxista "irmo" salatu du Udalak

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2018-04-30 16:18

Hildakoaren senitartekoei eta gertukoei "elkartasuna" adierazi die, eta heriotza hori salatzeko antolatu daitezkeen ekimenetan "parte hartzera animatu" ditu herritarrak.

Azpeitiko Udalak "irmo" salatu nahi izan du asteburuan Donibane Garazin izandako heriotza matxista; bikotekide ohiak autoarekin harrapatuta hil zuen 32 urteko emakume bat Nafarroa Behereko hiriburan.

Hildakoaren senitartekoei eta gertukoei "elkartasuna" adierazi die, eta heriotza hori salatzeko antolatu daitezkeen ekimenetan "parte hartzera animatu" ditu herritarrak. "Indarkeria matxistak ez du etenik gaur egungo gizartean; arazo benetan larria da, gizon eta emakumeen berdintasun ezetik sortua. Giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi nahi du Udalak, ez Azpeitian eta ez beste inon, eta urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi" du, ohar bidez.

Era berean, "erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero" Udaltzaingora, Ertzaintzara edota larrialdi zerbitzuetara deitzea "ezinbesteko betebeharra" dela ohartarazi du Udalak, indarkeriari aurre egitea, "denon ardura eta betebeharra" dela nabarmenduta. "Pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean" jarraituko duela adierazi du, "egunerokoan ikastetxeetan Udalak bultzatutako hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bidez".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa