Azpeitiko xakelariek maila ederra erakutsi dute Azkoitiko Udaberriko Festibalean

Uztarria.eus 2018ko api. 30a, 14:22
Lehiaketan parte hartu zuten xakelariak. (IƱaki Uranga Odriozola)

Cristian Cretu lehen postuan sailkatu zen atzo jokatu zen 16 urtez azpikoentzako lehiaketa horretan. Aner Alonso hirugarren sailkatu zen, Luis Andoni Lazkano laugarren, Beñat Aristegi seigarren eta Alain Mateos zazpigarren.

Atzo jokatu zen Azkoitian V. Udaberriko Festibala, Anaitasuna Kakute elkarteak 16 urtez azpiko xakelari gaztetxoentzat antolatutako lehiaketa, eta maila dotorean aritu ziren bertan parte hartu zuten bost azpeitiar jokalariak.

Guztira, jokalari bakoitzak bost partida jokatu behar zituen, partida bakoitza hamar minutukoa. Partida guztien emaitzak bateratuta, Cristian Cretu azpeitiarra sailkatu zen lehen postuan, 4,5 punturekin; bolada onean jarraitzen du Cretuk, Azkoitikoa baita jarrain irabazi duen hirugarren txapelketa, Errenteriako Beraunen eta Irunen irabazitakoen ondoren. Aner Alonso ere podiumean sartu zen, hirugarren postuan sailkatuta, 3,5 punturekin; Irungo Iker Tafall, 4 punturekin, gelditu zen bi azpeitiarren artean, bigarren postuan.

Azpeitiko beste hiru ordezkariek, berriz, 3na puntu batu zituzten: Luis Andoni Lazkano laugarren gelditu zen, Beñat Aristegi seigarren eta Alain Mateos zazpigarren.