Maiatzeko lehen bi asteburuetarako irteerak antolatu ditu Lagun Onak MBk

Uztarria.eus 2018ko api. 30a, 12:00
Azpeitia-Bilbo egitasmoko laugarren etapako irudia. (Lagun Onak MB)

Maiatzaren 6an Urkiolara irteera egingo dute gaztetxoei zuzenduta. Hilaren 12an, aldiz, Azpeitia-Bilbo egitasmoaren bosgarren etapa izango da, Bermeotik Bakiora artekoa. Dagoeneko eman daiteke izena bi irteeretan parte hartzeko. 

Lagun Onak mendi bazkunak datorren hilabeterako agendan bi hitzordu ditu dagoeneko. Maiatzaren 6an, igandez, gaztetxoentzako egun pasa egingo dute Urkiolara. Parte-hartzaileak Atxondoko Axpe (240m) auzotik abiatuko dira oinez, eta Artola lepotik (635m) igaro ondoren, Urkiolagirre tontorrera (1011m) iritsiko dira. Zortzi kilometro inguruko ibilaldia izango da hori. Gero, beste bi kilometro egingo dituzte, Urkiola mendatera (710m) iritsi arte.

Irteerara animatzen direnek 09:00etan hartuko dute autobusa anbulatorio aurrean. Izen-ematea lehendik egin behar da, www,lagunonakmb.org webgunean. Lagun Onak MBko bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek 4 euro.

Azpeitia-Bilboko bosgarren etapa

Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren bosgarren etapa ere ate joka dator. Maiatzaren 12an egingo dute Bermeotik Bakio arteko ibilbidea, eta bertan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 10a baino lehen eman beharko dute izena.

Bosgarren etapan parte hartuko duten lagunak autobusez irtengo dira Bermeora, 08:00etan anbulatorioaren aurretik abiatuta. Hara iristean hasiko dira ibiltzen, eta Matxitxakorantz hartuko dute. Handik Gaztelugatxera, eta Bakiora mugituko dira gero. Parte hartzaileak 16:00-16:30erako bakion izango direla aurreikusten du Lagun Onak MBk

Ibilbidean bi geldialdi egingo dituzte. Aurrena 15 minutukoa izango da, hamaiketakoa egiteko baliatuko dutena. Bigarrena, berriz, 30 minutukoa, bazkaltzeko erabiliko dutena. Norberak eraman beharko du jatekoa.

Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren bosgarren etaparako izena www.lagunonakmb.org webgunean edo Xiriako gozotegian eman daiteke. Mendi bazkunako bazkideek zortzi euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta bazkide ez direnek, berriz, hamar euro.