Astelehenetik ostiralera aldatu dute pentsiodunek datorren asteko mobilizazioa

Uztarria.eus 2018ko api. 27a, 18:13
Herriko dozenaka pentsiodun elkartzen da astelehenero plazan, pentsio publikoak eta duinak aldarrikatzeko.

Arratsaldez egingo dute maiatzaren 4ko protesta. 19:00etan manifestazioa egingo dute Alde Zaharrean, eta irakurketa batekin amaituko dute ekitaldia, plazan. "Dei berezia" egin nahi die Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformak herriko gazteei, gaur zortziko mobilizazioan parte har dezaten.

Datorren astelehenean, apirilak 30, ez dute elkarretaratzerik egingo Azpeitiko pentsiodunek. Asteak daramatzate astelehen eguerdiro protesta eginez; baina datorrena jai bezpera da, eta azoka eguna ere izango da.

Hala ere, ez da pentsioen gaineko aldarririk gabeko astea izango datorrena, alderantziz. Izan ere, ostiralerako, maiatzaren 4rako, mobilizazio berezia prestatzen ari dira Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformakoak. Eguerdian elkartu beharrean, arratsaldez elkartuko dira gaur zortzi: 19:00etan manifestazioa egingo dute Alde Zaharrean, eta irakurketa batekin amaituko dute ekitaldia, plazan.

Ez ohiko mobilizazio horrek ohi kanpoko babesa eta oihartzuna izatea nahi dute pentsiodunek. Horregatik, "dei berezia" egin nahi diete "oraindik jubilatzeko dauden herritarrei eta gazteei" maiatzaren 4koan parte har dezaten, uste baitute "pentsio duinen aldeko borroka hau guztion borroka" dela.

Gaur zortzirako deiarekin batera, azken egunetako mugimendu politikoei buruzko iritzia ere eman dute Azpeitiko pentsiodunek: "Garbi erakutsi dute bide onetik goazela, gure borroka fruituak ematen hasi dela eta kalera irteten jarraitu behar dugula".