Maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute LABek eta ELAk

Uztarria.eus 2018ko api. 27a, 15:42

Zumaian egingo du LABek Urola Kostako mobilizazioa. Hara joateko deia egin die eskualdeko gainerako herrietakoei. Kotxe karabana egingo dute Azkoititik Zumaiaraino, eta bertan parte hartzera deitu dituzte azpeitiarrak. ELAk, berriz, Bilbon egingo duen manifestaziora joan nahi dutenentzat autobusak jarri ditu; Azpeititik 09:30ean irtengo da, anbulatorio aurretik.

Asteartean izango da Maiatzaren 1a, eta urtero legez, sindikatuak mobilizazioak deitu dituzte Langileen Nazioarteko Egun horretarako.

LAB sindikatuak, esaterako, eskualdeka antolatu ditu mobilizazioak. Urola Kostan, Zumaian elkartuko dira LABen ordezkariak; manifestazioa egingo dute, 12:00etan Beheko plazatik abiatuta, Lan, bizi eta herri duina leloarekin. Eskualdeko herritarrei dei egin diete mobilizazio horretan parte hartzeko. Urola Erdikoei dagokienez, Azpeitikoak barne, Zumaiara bidean egingo duten kotxe karabanan parte hartzera gonbidatu dituzte; Azkoitiko Maxi Eroskiko aparkalekutik irtengo da kotxe karabana, 10:00etan.

"Herritarrentzat lan eta bizi duina bermatzea da exijitzen duguna, ez eliteen mesedetan agintzea eta kapitalak prekarietatea zabaltzea gure lanean eta gure bizitzan. Langileok hamarkadetan lortu ditugun garaipen sozialak kolokan jartzen ari dira, lan eta bizi baldintzak prekarizatzen ari dira", dio LABek Maiatzaren 1ari begira plazaratu duen irakurketan.

"Ikaragarrizko erasoaldia bizi dugu", LABen esanetan, baina euskal herritarrek erasoei aurre egiteko "adorea" dutela nabarmendu du sindikatuak: "Pentsiodunen mobilizazio jendetsuek edota martxoaren 8ko greba feminista arrakastatsuak erakutsi dute injustiziei aurre egiteko herri honek duen indarra. Eta zer esanik ez, hildako lankideen oroimenez eta lan istripuen salaketa eginez Gabonetan Azpeitiko kaleetan eginiko mobilizazioak". 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, 1.080euroko gutxieneko pentsioak, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala desagertzea eta lan istripuak eta gaixotasunak saihesteko eta aitortzeko neurriak dira, besteak beste, lan esparruan LABek ikusten dituen lehentasunak. Horien eta horrelakoen inguruan "indarrak biltzeko garaia" dela uste du LABek.

ELAk manifestazioa Bilbon

ELA sindikatuak, berriz, Bilbon egingo duen manifestaziora joan nahi dutenentzat autobusak jarri ditu; Bilboko Jesusen Bihotzetik irtengo da manifestazioa, 11:45ean. Azpeititik 09:30ean irtengo da autobusa, anbulatorio aurretik.

Bilbokoaz gain, Iruñean ere egingo du manifestazioa ELAk Maiatzaren Lehenean; bietan, Pobreziari gerra! Soberan inor ez leloaarekin mobilizatuko da. Feministen eta pentsiodunen azken mobilizazioak gogoan izan ditu ELAk ere. Maiatzaren 1a "aukera bikaina" da, sindikatuaren aburuz, kolektibo horiek "kalera eraman duten erreibindikazio oldea indartzeko".

Krisiak eta erabaki politikoek "beldurraren tirania areagotu" dutela nabarmendu du ELAk. "Krisia menperatzeko tresna" dela eta "sistemak ustezko etsaiak gure klasearen baitan sortzen" dituela gogoratu du, immigranteak eta errefuxiatuak aipatuta. "ELAk erabaki du borrokatu egingo dituela pobrezia eta beldurra, batik bat besteenganako beldurra", dio sindikatuak bere irakurketan.