137 lagunek eman dute izena Izarraizko mendi lasterketan

Uztarria.eus 2018ko api. 27a, 14:09
Izarraizko mendi lasterketako irudi bat.

Proba luzean 137 gizon-emakumek eman dute izena; motzean, berriz, 86 lagunek. Besteak beste, Nuria Picasek, Oihana Azkorbebeitiak, Maria Zorrozak, Walter Becerrak, Ander Cangasek, Xabat Manzisidorrek eta Imanol Larrañagak parte hartuko dute lasterketa nagusian. 09:30ean hasiko da lasterketa luzea, Izarraizko Atea parkean, eta 10:00etan laburra. Bihar umeentzat jolasak eta Nuria Picas lasterkariaren izango dira.

Berrikuntza bat baino gehiagorekin iritsiko da igandean Izarraizko mendi lasterketa. XIV. edizioan ibilbide berria izango du probak, eta, gainera, lasterketa laburra ere jokatuko dute. Horrez gain, aurten lehen aldiz, Lagun Onak eta Anaitasuna mendi bazkunek elkarlanean prestatu dute proba –orain arte txandaka antolatzen zuten–, eta Azpeitian hasi eta Azkoitian bukatuko da.

Atzo bukatu zen proba luzean nahiz motzean izena emateko epea, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez 137 gizon-emakumek eman dute izena proba luzean. Motzean, berriz, 86 lagunek. Besteak beste, Nuria Picasek, Oihana Azkorbebeitiak, Maria Zorrozak, Walter Becerrak, Ander Cangasek, Xabat Manzisidorrek eta Imanol Larrañagak parte hartuko dute lasterketa nagusian.

Lasterketa luzeak 25 kilometro eta 1.500 metroko malda positiboa ditu; proba motzerako prestatu duten ibilbideak, berriz, hamar kilometro eta 470 metroko malda positiboa. Lasterketa laburra kadete mailatik gorako gazteentzat antolatu dute, hau da, 15 urtetik gorakoentzat.

Proba luzea hasiko da aurrena. Hain zuzen ere, 09:30ean aterako dira lasterkariak Izarraizko Atea parketik, eta mendi ibilbidea eginda, Azkoitiko Plaza Berrian bukatuko dute proba. Lasterketa herrikoia ere toki horietan hasi eta bukatuko da, baina 10:00etan hasiko da.

Iaz Aritz Kortabarria arrasatearra (01:59:11) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (02:14:52) izan ziren nagusi proba nagusian.

Nuria Picasen hitzaldia

Izarraizko lasterketaren aurreko edizioetan proba soilik prestatu izan dute haren antolatzaileek. Aurten, baina, umeentzat jolasak eta Nuria Picas lasterkari kataluniarraren hitzaldia antolatu dituzte lasterketa egunaren bezperarako.

Horrenbestez, bihar umeentzako lasterketak eta jolasak izango dira, 15:00etatik aurrera, Izarraizko Atea parkean. Ondoren, 19:00etan hasita, Nuria Picasek hitzaldia eskainiko du Soreasu antzokian. Hark Alpeetan egiten den Ultra Trail Montblanc mendi lasterketa ospetsua irabazi zuen iaz, eta solasaldia Ainhoa Lendinez kirolari eta kazetariak aurkeztuko du. Hitzaldia baino lehen, Elika Esporteko kideek hartuko dute hitza. 14 urtetik gorako herritarrek bost euro ordaindu beharko dute sarrera.