AEBetako egoeraren berri eman du Mikel Reparazek

Uztarria.eus | Komunikabideak | Argazkia
2018-04-27 09:54

Mikel Reparaz kazetariak (Arbizu, Nafarroa, 1975) hitzaldia eskaini zuen atzo, osteguna, Sanagustin kulturgunean. Dozenaka lagun izan ziren Trumpen Amerika munduaren aurrean izeneko solasaldian, eta Reparazek AEBetan bizitako esperientzia izan zuen hizpide. Onintza Segurola kazetaria arduratu zen solasaldia aurkezteaz eta gidatzeaz.

2013tik Amerikako Estatu Batuetan berriemaile lanetan ibili ostean, Euskal Herrira itzuli berri da Mikel Reparaz. Honako lotura honetan irakur daiteke Reparazi Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketa.

Jon Sarasuak hartuko du Reparazen lekukoa; izan ere, hark Sustraiak eta adarrak-XIX. eta XX. gizaldietako ideologiak, zertan dira? hitzaldia eskainiko du maiatzaren 9an. Sanagustin kulturgunean izango da, eta Ion Muñoa ariko da aurkezle lanetan. Munoandik ez du oraindik solasaldiaren ordua jakinarazi, baina data gerturatu ahala emango dute horren berri.

Maiatzaren 29an, berriz, Euskadiko historia politikoa dokumentala aurkeztuko du Munoandik. Xabier Arzalluz EAJren buruzagi ohiaren inguruko ikus-entzunezkoa ere Sanagustin kulturgunean eskainiko dute.

Aurrera begira ere ekintzak egiteko asmoa du Munoandi elkarteak. Hain zuzen ere, Ane Irabazabal eta Jon Artano nazioarteko kazetarien hitzaldi bana ere antolatuko duela esan du elkarteak, eta udazkenera begira ere hainbat ekitaldi ari da prestatzen Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa