Erantzun irmoa Iruñeko sexu erasoaren epaiari

Uztarria.eus 2018ko api. 27a, 11:56

Iruñeko 2016ko sanferminetan izan zen sexu erasoaren gaineko sententzia jakinarazi eta ordu gutxira, herritarrak kalera atera ziren atzo, epaiaren gaineko haserrea adieraztera. Pertsona ugari elkartu zen arratsaldean Azpeitiko plazan, eta epaileak auzia sexu abusutzat jo izana salatu zuten han elkartutakoek.

Nafarroako Lurralde Auzitegiak 2016an emakume bat taldean erasotzeagatik epaitu dituzten bost gizonen kontrako epaiaren berri eman zuen atzo. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak eta bederatzina urteko kartzela zigorra ezarri diete, baina epaimahaiak ez du bortxaketa deliturik ikusi haien erasoan. 50.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari, eta bi hilabetez, eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute emakumeari sakelako telefonoa lapurtzeagatik; intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta delituengatik absolbitu egin dituzte.