Etika eta esku-hartze soziosanitarioaz jardunaldia egin dute gaur

Uztarria.eus 2018ko api. 26a, 19:45
Jarudnaldietan parte hartu duten lagunak. (

Udalak eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako jardunaldietan 80 bat lagunek parte hartu dute. Esku-hartze soziosanitarioan gaur egun dauden arazo eta gatazka nagusienak ezagutzeko eta aztertzeko aukera izan dute, hainbat adituren eskutik. Azpeitiko Udalak esku-hartze soziosanitarioaren arloan martxan duen proiektu "aitzindaria" ere izan dute hizpide; izan ere, Udalak koordinazio mahai bat du martxan 2014az geroztik, anbulatorioarekin, Osasun Mentalaren Unitatearekin eta Zumarragako Ospitalearekin elkarlanean.

Gaur, osteguna, Udalak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako Etika esku-hartze soziosinatarioan jardunaldia izan da udaletxeko bosgarren solairuan. 80 bat lagunek parte hartu dute saioan, eta horiek hainbat profesionalen eta adituren azalpenak entzun eta esperientziak ezagutu ahal izan dituzte. Esku-hartze soziosanitarioan gaur egun dauden arazo eta gatazka nagusienak aurkeztu eta aztertu dituzte jardunaldian, eta hainbat lagunek hartu du hitza, hala nola Xabier Etxeberria Deustuko katedradunak, Deustuko Unibertsitateko irakasle Maria Jesus Goikoetxeak, Jose Luis Quintas Osakidetzako etika asistentzial batzordeko lehendakariak, Olaia Etxabe Arrasateko gizarte langileak eta Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.  

Eneko Etxeberria alkateak eman die ongietorria parte-hartzaileei, eta hark Udalak Deustuko Unibertsitatearekin duen elkarlana nabarmendu eta horrelako ikastaroak eta jardunaldiak antolatzea "garrantzitsua" dela azpimarratu du. "Hezkuntza, ikasi gabe, bizitzan jasotzen dugula esaten da, eta jasotako hori gero baloratu egin behar da". Gaurko jardunaldian etikaz eta esku-hartze soziosanitarioaz hausnartzeko abagunea izan dute bertaratutakoek, eta Azpeitiko eredua ere erakutsi dute, Etxeberriaren arabera, "gauzak ondo egiten ari garen seinale". Gainera, hark esan du Udalaren politikaren ardatza direla, besteak beste, etika, gardentasuna eta zintzotasuna.

Azpeitiko eredua hizpide

Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek martxan duten proiektu "aitzindaria" ere izan dute hizpide jardunaldietan; izan ere, 2014az geroztik, Udalak, anbulatorioak, Osasun mentalaren unitateak eta Zumarragako Ospitaleak koordinazio mahai bat dute martxan. Koordinazio hori lantzeko protokolo bat osatu dute, eta Zumarragako Ospitalean mahai tekniko bat ere eratu dute, hiru lantalde osatuta.

Talde horietako bat medikuek, erizainek, osasun zentroaren koordinatzaileak eta Udaleko teknikariek nahiz arduradunek osatzen dute, eta horiek kasuen kudeaketa eta gai komunitarioak lantzen dituzte. Bigarren taldea urtean hirutan elkartzen da, eta kasuen kudeaketa eta gai komunitarioez aritzen da hainbat profesional. Hirugarren taldea, berriz, Zumarragako ospitaleko kideek osatzen dute, eta horiek, batik bat, ospitaleko senda-agiriak lantzen dituzte, telefonoz batez ere.

Udal ordezkarien arabera, "argia" da protokoloaren metodologia; izan ere, pazientea edo familia profesional guztiekin elkartzen da, denak bide bera lantzen ari direla ikusteko. Izan ere, Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak azaldu duenez, "mezu bera" eman behar da: "Koordinazioa egon behar du lanean pazienteak edo familiak bere aurrean ari garela eta ezkutuan ez garela ezer egiten ari ikusteko. Pertsonen hobebeharrez aritzen gara".

Hark azaldu duenez, "pauso txikia" badirudi ere, "handia" da, osasun arloari soilik begiratu beharrean, medikuek gaixotasunek arlo sozialean ere eragina dutela ikusten dutelako. "Denon artean egoerari itzulia edo aterabidea ematen saiatzen gara", esan du Zubiak. "Adibidez, depresioa duen norbaiti pilulak ematen zaizkio, baina jakin behar duguna da zergatik iritsi den egoera horretara. Izan ere, gaixotasunak sozialki duen eragina handia da". Zubiak dioenez, gaixotasuna "osotasunean" jorratzea beharrezkoa da pertsona hori sendatzeko edo hobeto egon dadin.

Herri gehiagotan ere lan metodologia bera erabiltzen dute, baina Udalak esan duenez, pauso gehiago ere eman ditu erakundeak. "Osasun mentalaren lantaldea hemen bakarrik dago, eta anbulatorioarekin elkarlanean urrats gehiago egin ditugu. Guzti horrek Bartzelonara eraman gaitu Azpeitiko ereduaren berri ematera", azaldu du Zubiak. Gainera, hark esan du gaurkoen moduko jardunaldiak Azpeitian antolatzea "ikaragarria" dela.

Azpeitiko Udalarentzat "oso arrakastatsua" izan da jardunaldia, eta balorazio horrekin bat egin dute Deustuko Unibertsitateko ordezkarik ere: "Jende asko etorri da, inguruko herrietatik ere bai, eta argi geratu da gaia interesgarria dela".