Iruñeko sexu erasoaren epaia salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaurko

Uztarria.eus 2018ko api. 26a, 20:05

19:30ean izango da, plazan, Basanderiek asanblada feministak deituta. 2016ko sanferminetan emakume bat erasotzeagatik epaitu dituzten bost gizonak sexu abusua egiteagatik zigortu dituztela salatuko dute, eta ez bortxaketagatik.

Gaur jakinarazi du Nafarroako Lurralde Auzitegiak 2016an emakume bat taldean erasotzeagatik epaitu dituzten bost gizonen kontrako epaia. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak eta bederatzina urteko kartzela zigorra ezarri diete, baina epaimahaiak ez du bortxaketa deliturik ikusi haien erasoan. 50.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari, eta bi hilabetez, eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute emakumeari sakelako telefonoa lapurtzeagatik; intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta delituengatik absolbitu egin dituzte.

Epaiak kontrako erreakzio andana eragin du, eta Euskal Herrian zein Espainiako estatuko hainbat hiri eta herritan protestak deitu dituzte gaur bertarako. Azpeitian, elkarretaratzea deitu du Basanderiek asanblada feministak 19:30erako, plazan. "Ez da abusua, bortxaketa da!", dio zabaldu duten mezuak, epaia jakin orduko Iruñeko auzitegiaren atarian oihukatu duten mezua bere eginda. "Beste behin ere, justizia patriarkalak berea egin" duela nabarmendu dute asanbladako kideek.. "Erasorik ez, erantzunik gabe!" leloarekin itxi dute kontzentrazioa deitzeko mezua.