Juan Kruz Izagirre: "Lan polita dirudi, baina estresagarria da"

Uztarria.eus 2018ko api. 26a, 13:23
Juan Kruz Izagirre.

Handia filmaren aparretik jaitsita, beste bi lan ditu esku artean Irusoin ekoiztetxeko kideak. Euskarazko filmen ekoizpenak gora egin duela dio. Uztarriaren apirileko aldizkarian, 204. zenbakian, Olaia Iraolak hari egindako elkarrizketa da honakoa.

Ingeniaritza ikasketak egin arren, zinemaren munduan lan egitea hautatu zuen Juan Kruz Izagirrek. Besteak beste Handia filma egin duen Irusoin ekoiztetxeko zuzendari teknikoa da egun.

Bi hilabete dira Handiak hamar Goya sari jaso zituela...
Donostiako Nazioarteko Zinemaldian hasi zen guztia guretzat; Epaimahaiaren Sari Berezia jaso genuen. Sari nagusia ez genuen irabazi, baina esan zigutenez, horren mailakoa edo hobea da jaso genuena. Hanka onarekin hasi genuen Handiaren ibilbidea, eta, ohartzerako, Goya sariak iritsi ziren eta 13 hautagaitza lortu genituen sariotarako; burutik ez zitzaigun pasatu ere egin horrenbeste izango zirenik. Eta horietatik hamar Goya sari jaso genituen: jatorrizko gidoi onenarena, gizonezko aktore berriarena, argazki zuzendaritzarena, produkzio zuzendaritzarena, musikarena, edizioarena, zuzendaritza artistikoarena, jantzi diseinuarena, efektu bereziena eta makillaje eta ile-apainketarena. Guretzat izugarria da sari horiek denak jasotzea. Aitortu beharra dut, ordea, Joseba Usabiagak hautagaitzarik ez jasotzeak pena eman zigula.

Goya sarietarako kinielak egingo zenituzten... Zenbat sari espero zenituzten?
Bizpahiru, eta oso baikorrak izanda, asko jota, bost edo sei. Sariak ematen hasi zirenean, hazi egin ginen. Sariak jaso eta jaso hasi ginen, eta hamargarren saria jaso ostean iritsi zen pelikularik onenaren saria emateko unea. Zera pentsatu genuen: "Hamar sari jaso baditugu, zergatik ez hamaikagarrena?". Baina ez zen posible izan. Hala eta guztiz ere, oso-oso gustura gaude lortutakoarekin.

Ez zara aurten  lehen aldiz izan Goya sarietan.
2015. urtean Loreak filmarekin joan ginen sari banaketara. Egia esan, ekitaldia luze joan zitzaigun urte hartan; izan ere, bi hautagai-tza genituen, eta sari horiek hasiera-hasieran eman zituzten. Gainera, ez ziren guretzat izan. Aurtengoa ezberdina izan da: entretenitua, ez sinestekoa, zoragarria, bakarra. Jaialdia amaitzean, festa eder batekin ospatu genuen lortutakoa. Inoiz ahaztuko ez dudan eguna izan zen otsailaren 3a.

Inoiz baino aitortza gehiago jaso duzue Handiari esker. Zerk egiten du berezi filma?
Esfortzu handia eta denbora asko eskaini diogun pelikula da Handia. Guztira, 700 lagunek parte hartu dute filmean, eta lan bakoitza ilusio handiz egin dugu; XVII-XVIII. mendeetako arropa prestatzea, adibidez. Filmeko protagonistari, Migel Joakin Eleizegiri, Eneko Sagardoyri, protesia jarri eta makillajearekin apur bat puztu zioten aurpegia, benetako pertsona handi baten itxura izan zezan. Hala ere, zenbaitetan, Bartzelonan bizi den argeliar mutil bat aritu zen Eleizegiren papera egiten Sagardoyren ordez. Plano ugaritan agertzen da, ikusleak uste duena baino gehiagotan.

Ikusten ez den lan hori baloratzen al da?
Handiaren kasuan baloratu da, Goya sariak jasotzeaz gain, beste hainbat jaialditan ere saritu gaituztelako. Besteak beste, Latinoamerikan errebelazio onenaren saria jaso du Eneko Sagardoyk. Horrez gain, martxoan, Valladoliden [Espainia], beste sari bat jaso zuten Handiaren zuzendariek: XXI. mendeko zuzendaririk onenarena. Sariak jasotzeaz gain, jendearen babesa ere sentitu dugu. Guztira, 130.000 pertsona baino gehiagok ikusi du filma Euskal Herrian eta Espainian. Frantzian,  filma eman zuten lehen astean, guztira, 5.000 lagunek ikusi zuten lana. Guretzat oso datu garrantzi-tsuak dira horiek.

Handiaz gain, Loreak, Aupa Etxebeste!, Lucio, 80 egunean eta Urte berri on, amona! filmak ere ekoitzi dituzue Irusoinen. Zein duzu orain arteko lanik kuttunena?
2001ean Karramarro Uhartea animazio filma egin genuen, eta pila bat gustatu zitzaidan, oso ondo egina baitzegoen bai irudi aldetik, bai musika aldetik. Gainera, Goya sari bat jaso genuen lan harekin. Bestelako pelikuletatik, berriz, bat hautatu behar banu, Urte berri on amona! hautatuko nuke. Filmak duen umore makabro hori asko gustatzen zait. Aupa Etxebeste! ere mundiala da barre egiteko, baina Urte berri on amona!-k zerbait berezia du.

Irusoineko zuzendari teknikoa zara. Zein da zure egitekoa?
Irusoineko zuzendari teknikoa naiz; hau da, alor teknikoa kudeatzen dut. Lanak eguneratuta izan behar dira, eta horretaz ardura-tzen naiz ni. Hain zuzen ere, film baten aurretik dagoen lana egiten dut: zer kamerekin grabatuko den adosten dut argazki zuzendariarekin, zer formatutan, zer lenterekin... Oro har, filmarekin izango ditugun zailtasunak aurreikusten ditut. Nire lanaren helburua da grabazioaren aurreko lanak ondo egitea, grabaketetan ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Grabaketetan ez dut parte hartzen, baina behin horiek amaitzen dituztenean, muntaketa prozesuan sartzen naiz: fitxategi originalak banan-banan aztertzen ditugu, artxiboak musikariei bidaltzen dizkiegu, efektuak adosten ditugu, dauden akatsak zuzentzen ditugu...

Nolatan hasi zinen lanean Irusoinen?
Ingeniaritza ikasketak egin nituen, beste azpeitiar batekin batera. Egun batean, estudio bat munta-tzen laguntzeko eskatu ziguten, eta lan hura amaitzean, Eresoinka bikoizketa etxean hasi ginen lanean. Handik urte batzuetara, 1987an, Irusoin ekoiztetxea sortu zuten, produkzio lanak egiteko helburuarekin: dokumentalak, marrazki bizidunak, musika programak... Bien bitartean, Eresoinkak bikoizketa lanekin jarraitu zuen. Baina urte batzuetara itxi egin zuten, eta Irusoinek jarraitu zuen bikoizketa lanak egiten.

Filmak ekoizteaz gain, beste lan batzuk ere egiten dituzue, beraz.
Nahiz eta garrantzia handiena egiten ditugun filmek izan, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditugu; esaterako, beste ekoiztetxe batzuen pelikulen posprodukzio lanak egiten ditugu. Bikoizketa zerbitzua ere eskaintzen dugu, baina garai batean lan gehiago egiten genuen alor horretan. Duela urte batzuetako egoerarekin alderatuta, bost lanetik bat bikoizten dugu gaur egun.

Zer bilakaera izan du Irusoinek urte guztiotan?
Marrazki bizidunak egiten hasi ginen. Besteak beste, umeei zuzendutako saio didaktiko bat egin genuen ETBrentzat: Borobil. Toti Martinez de Lezearekin egiten genuen saioa bere etxean, Larrabe-tzun [Bizkaia]. Grabatzeko behar genuen materiala hartu eta uda haren etxean pasatu genuen. Eskuetan panpinak sartu eta istorioak grabatu genituen. Polita izan zen, baina ez zuen jarraipenik izan. Gero, promozio lanak egiten hasi ginen, eta horren ostean egin genuen salto zinemaren mundura. Dokumentalak ere egin ditugu; besteak beste, Sahara Marathon eta Lucio. Ikus-entzunezkoen mundua aldatzen ari da, eta horretara egokitzen ari gara.

Azken urteetan une gogoangarriak bizi izan badituzue ere, momentu gogorrak ere biziko zenituzten, ezta?
Bai, Irusoinen momentu latzak bizi izan ditugu. 1990. urtearen inguruan enpresa itxi edo ez hausnar-tzen aritu ginen, galerak baikenituen. Lanean jarraitzeko zailtasunak izan arren, aurrera egin genuen; baldintza txarrekin eta soldata murrizketekin. Orain, egoera onean gaudela esan dezaket.

Urte guztiotan pentsatu al duzu zinema utzi eta beste bideren bat hartzea?
Askotan. Kanpotik lan polita ematen du, baina estresagarria da. Ez daukagu ordutegi finkorik; goizean lanera joaten gara eta ez dakigu etxera noiz itzuliko garen. Hala ere, jendeak baloratzen du guk egindako lana, eta horrek aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkit.

Zein egoeratan dago euskal zinema?
Orain dela hamar urteko euskal zinemak eta egungoak ez dute zerikusirik. Aupa Etxebeste! lehenengoetako euskal filma izan zen. Pelikula hark izan zuen arrakasta ikusita, beste ekoiztetxeak ere lanean hasi ziren. Ordutik hona, euskarazko film asko ikusi dugu: Amaren eskuak, Loreak, Handia, Errementari, Amama... Gauzak ondo egiten ari garen seinale da hori. Euskal aktore asko eta asko zoritxarrez lanik gabe dago, ordea. Gainera, lanean ari direnek Espainiako ekoizpenetako aktoreek baino gutxiago irabazten dute.

Proiektu berririk ba al duzu esku artean?
Aurten bi produkzio lan egingo ditugu. Batekin, La trinchera infinita filmarekin hasiko gara maiatzean, eta 2019an estreinatuko dugu. Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzenduko dute filma, eta La Claqueta ekoiztetxearekin egingo dugu lan. Zuzendari horiek aktore espainiarrekin gaztelaniazko film bat egingo duten lehen aldia izango da. La trinchera infinita 36ko gerrako pasarte gogor eta triste bat da, Sevillan [Espainia] jazotakoa. Benetan gertatutako istorioa da: pertsona bat etxean ezkutatu zen gerratik bueltan, fusilatzeko beldurrez, eta 30 urte eman zituen bertan ezkutatuta. Pare bat astez egingo ditugu filmaren grabaketak Sevillan, eta, ondoren, hiru bat astetan, Gipuzkoan egingo ditugu grabaketak. Behin horiek amaituta, bost aste inguruko etenaldi bat egingo dugu, pertsonaia nagusia hogei kilo gizendu dadin; izan ere, istorioan zehar argaltzen joango da. Horregatik, lehenengo filmaren amaierako zatiak grabatuko ditugu, eta gero hasierakoak. Handia filmarekin ere hala egin genuen. Bestalde, abuztu aldera, komediazko film bat grabatzen hasiko gara Irusoin ekoiztetxeko kideok. 2005. urtean Aupa Etxebeste! estreinatu zen, eta orain,  Agur Etxebeste! ekoitziko dugu. Lan horretan aurreko filmean parte hartu zuten aktoreek parte hartuko dute. Bi filmak guztiz ezberdinak izango dira; bata umorezkoa zen, eta bestea tristea izango da. Bi lanetarako ilusio handia jarri dugu, eta dagoeneko hasi gara lanean.