Iaz lan istripuak izan ziren Azpeitiko eta Azkoitiko enpresen atarietan pankartak jarri ditu LABek

Uztarria.eus 2018ko api. 26a, 13:12
Azkoitiko Erlo enpresaren atarian jarri dute pankarta bat. (LAB)

Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izango da zapatuan, eta LABek Donostian deitu du lurraldeko manifestazioa biharko. Sindikatuak gogoratu du iazkoa urte "oso gogorra" izan zela, Euskal Herrian 54 behargin hil zirelako; horietatik bederatzi Urola Kostakoak ziren edo Urola Kostan hil ziren. Iaz lan istripuak izan ziren Azpeitiko eta Azkoitiko enpresen atarietan hainbat pankarta jarri du egunotan LABek.

Larunbatean Lan Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, LAB sindikatuak hainbat pankarta jarri du iaz lan istripuak izan diren Azpeitiko eta Azkoitiko enpresetan. 2017an 54 langile hil ziren lan istripuz, eta horietatik bederatzi Urola Kostako beharginak ziren edo Urola Kostan izandako istripuetan hil ziren. LABek gogorarazi du urte "oso gogorra" izan zela iazkoa.

Hain zuzen ere, joan zen urteko apirilaren 29an langile bat zauritu zen Glual Taldeko Burni enpresan, altuera batetik erori ostean. Maiatzaren 23an beste lan istripu bat izan zen Lan Mobel enpresan. Makina batean harrapatuta gelditu zen langilea, eta kolpeak eta hausturak eragin zizkion ezbeharrak. Uztailaren 3an, berriz, Azpeitian bizi zen 51 urteko azkoitiar bat hil zen Urrestillako Olalde industriaguneko Astigarraga Kit Line enpresan. Azkoitiko Ibarmia eta Erlo enpresetan ere behargin bana hil zen joan zen urtean.

Enpresa horietako batzuen atarietan pankartak jarri dituzte sindikatuko ordezkariek, gertatutakoa "gogora ekartzeko, berriz gerta ez dadin eskatzeko eta patronala identifikatzeko". Izan ere, LABen arabera, langileek lanetik bizirik bueltatzeko eskubidea dute eta horren ardura "patronalarena" da. "Urte bukaeran izaten dituzten mozkin horiek ez daitezela gure bizitzetan oinarritu", esan du sindikatuak.

Larunbateko nazioarteko eguna dela eta, lan gaixotasunetan jarri du arreta LABek, "ikusezinak eta ahaztuak izaten jarraitzen" duten langileetan. "Mutualitateek kontingentzia profesional gisa ez aitortzeko irizpidearekin jarraitzen dute, gaixotasuna artatzea eta hari dagokion diru laguntza osasun sistema publikora bideratzeko". Egoera horren erantzuleak "mutualitateak" dira, baina LABek azaldu du patronala dela horren "onuradun zuzena". Izan ere, sindikatuaren arabera, gaixotasunen laneko jatorria ukatzea "prebentziorik ez egiteko aitzakia" bihurtzen da.

Horregatik guztiagatik, patronala neurriak hartzera behartzeko, instituzioak interpelatzeko, egoeraren erantzule zuzenak seinalatzeko eta "langileen kontrako indarkeria patronalarekin amaitzeko", langileei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die LABek.