Eskuz ez ezik, gomazko paletan ere lehiatuko da Azpeitia Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2018-04-26 10:40

Eskuzko txapelketan, Ilunpeko jokalariak final zortzirenetako kanporaketetan hasiko dira lehiatzen, eta Tolosaren aurka jokatuko dute lehenengo partida, maiatzaren 20ko asteburuan. Gomazko pala txapelketa, berriz, maiatzaren 13an hasiko da, eta Elgoibar izango du arerio lehen kanporaketan.

Maiatzaren 6an hasiko da 51. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta eskuzko pilota txapelketan lehiatuko dira Ilunpe elkarteko pilotariak, 42. urtez. Aurtengo txapelketak, ordea, badu berrikuntzarik. Izan ere, lehenengo aldiz gomazko pala txapelketa jokatuko dute, eta izena eman duten 16 herrien artean, Azpeitiak ere neurtuko ditu indarrak.

Guztira, 18 herrik parte hartuko dute eskuzko txapelketan, eta hurrengo asteburuan hasiko dira norgehiagokak. Azpeitia, ordea, final zortzirenetako kanporaketetan hasiko da lehiatzen, maiatzaren 20ko asteburuan, hain zuzen ere. Azpeitiak Tolosaren aurka neurtuko ditu indarrak orduan.

Gomazko paletako txapelketa, berriz, maiatzaren 13an hasiko da. Guztira, hiru kanporaketa jokatuko dituzte, eta Azpeitiak Elgoibarren aurka hasiko du txapelketa. Eskuzko txapelketako finala ekainaren 30ean jokatuko da, eta gomazko txapelketarena ekainaren 24an.

Iaz, hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako txapela jantzi zuten Ilunpeko pilotariek, Oiartzuni hirutik hiru partida irabazita. Guztira, Gipuzkoako sei txapel ditu Azpeitiak bere palmaresean. Era berean, Euskal Herriko txapelketa ere irabazi zuen iaz.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia erabiltzailea | 2018-04-26 : 11:51

Sagardoa beti presente

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa